San Pedro kaleko terraza eremua
Gaur hasi dituzte San Pedro kalea berritzeko lanak, Portuko obra handiko laugarren fasea izango dena. Hasiera batean ez da lan nabarmenik egingo, eta trafikoan ez du eragingo: informazio panelak jarri, hesiak antolatu… horrelako lanak egiten hasi dira. Nolanahi ere, Arrantzale auzoko aparkalekuan jarri dituzte obretako etxolak eta, beraz, hor ezingo da aparkatu.
Udaletik adierazi dutenez, azpiegiturak berritu eta oinezkoei lehentasuna eman nahi diete lanekin: “Helburua auzoa berritzen jarraitzea da, oinezkoari lehentasuna emanez beti, dauden azpiegiturak berrituz; hiri altzariak, eserlekuak, paperontziak…. Eta batez ere lurpeko azpiegitura guztiak berrituz, adibidez ur beltzen eta euri uren hartuneak. Espaloiak, bideak eta terrazen gunea berrituko dira, beti ere kalitatea eta bateratzeko irizpidearekin kale osoan”.
Zuhaitzak ez dituzte kenduko eta kalearen hiri-paisaiaren elementu nagusietako bat izaten jarraituko dute. Aldiz, zoruan izango da aldaketa nagusietako bat, terrazen eremuko asfaltoa galtzada-harri eta baldosekin ordezkatuko baitute. San Pedro kalearen berriritartze lanen aurrekontua 3,3 milioi eurokoa da eta amaitzeko epea zortzi hilabetekoa.
Epeka eta zatika
Lehen lanak, kalearen amaieran egingo dituzte, eta alde batean soilik, Ardoka tabernaren eta Erauskin farmaziaren artean. Kalearen beste aldean, berriz, Kai Alde kafetegitik Barceló bidai agentziaraino hasiko dira kalea berritzen, kasu honetan kalearen zabalera osoa hartuta. Bi zati hauek Gabonak baino lehen bukatzea espero du udalak.
Gabonen ondoren gainontzeko zatia egingo dute, hau da, terrazen gunean eta Erauskin botikaren eta Barceló agentziaren artekozatia. Bukatzeko, Hermandadearen aurreko zatia berrituko dute, San Pedro eta Zuloaga kaleak plaza publiko berri baten bidez lotuz. Dena ongi, 2014 urteko ekainerako amaituta beharko luke Portuko berriritartze lanen laugarren fasea.
Informazio gehiago nahi duenak udal webgunean jarri duten esteka berezian aurki dezake.