Bostonetik Hondarribira
Roberta Bobbi Gibb-ek hogeita lau urte zituen galdera hau luzatu zuenean: «Zergatik ezin dut maratoian parte hartu?». Jaso zuen erantzuna argia izan zen «neska zarelako». 1966. urtea zen eta maratoia gizonen gauza zen. Garai hartako usteen arabera emakumeek ezin zuten hiru kilometro baino gehiagoko korrika lasterketetan parte hartu. Beraien gorputzak ez omen zeuden fisiologikoki prest distantzia handiagoak egiteko.
Baina Bobbi Gibb ez zegoen aurreiritziak onartzeko prest eta, debekuak debeku, anaiaren galtza motzak eta kirol jertse txanoduna jantzita Bostoneko maratoi irteeran korrikalarien artean ezkutuan sartu zen. Bere harridurarako gainontzeko korrikalariek, emakumea zela konturatu zirenean, harrera ona egin zioten. Beraz, jertsea eranztea erabaki zuen eta maratoia osatu zuen zenbait ikusleren txalo artean.
Hurrengo urtean bi emakumek parte hartu zuten Bostoneko maratoian. Bobbi Gibb ezkutuan sartu zen berriro, baina Katherine Switzer-ek beste estrategia bat erabili zuen. Izena ematerakoan inizialak besterik ez zituen esan, K.V. Switzer. 261. dortsala eman zioten eta harro, lagunekin, maratoian abiatu zen. Lasterketa zuzendaria konturatu zenean beregana hurbildu eta bultzaka lasterketatik kanporatzen saiatu zen. Baina Switzer-en lagunak ez zeuden hori onartzeko prest eta zuzendariari aurre egin zioten. Switzerrek maratoia bukatzea lortu zuen. Bost urte gehiago behar izan ziren Bostoneko maratoiak emakumeen parte hartzea onartzeko.
Pentsamendu hauek daramatzat buruan Hondarribiko kaleetan korrika ari naizen bitartean. Uda bukatzen ari den honetan korrikalariak gure kaleak betetzen hasi dira. Bi hilabete barru milaka lagun, gizonak eta emakumeak, Behobiatik Donostiara jai giroan korrika joango dira.
Hondarribiko emakumeek ez dute korrika egiteko arazorik, baina herriko jaietako egun garrantzitsuenean berdintasunean parte hartzeko bai. Ez diete duela berrogei urteko aitzaki fisiologikorik jartzen, tradizioa eta ohituraren aitzakiak nahikoak dira. Baina aferaren oinarrian Bobbi Gibb-ek eta Katherine Switzer-ek jasan behar izan zuten bazterketa berbera dago: emakumea espazio publikoan berdintasunean agertzearen kontrako bazterketa.
Berrogei urte barru alardearen inguruan gertatutakoa gogoratzerakoan ere norberak bere paperean gogoratuko du bere burua: batzuk Bobbi Gibb eta Kattherine Switzer-en paperean kokatuko dira, beste batzuk Bostoneko maratoiaren zuzendariaren paperean; hainbatek txalotzen duten ikuslearena eta beste hainbatek iraindu eta bizkarra eman duten ikusleen paperean.
Kirola eta alardea gauza bera ez direla pentsatzeko tentazioa izango dute askok, alardearen ospakizunean beste gizarte elementu ugari sartzen baitira: boterea, erritua, sinboloak, sentimenduak… Hala izan daiteke, baina oinarri-oinarria hori baino soilagoa da: galdera eta erantzun bat. Bobbi Gibb-ek hogeita lau urterekin egin zuen galderaren antzera, Hondarribiko hamar urteko haur baten galdera dago:
-Aita, zergatik ezin dut alardean parte hartu?
-Neska zarelako.