Iaz ere Zazpiak Bat Eguna egin zuten Alozen. Oiartzungo ordezkariak ikastola bisitatzen egon ziren
Zazpiak Bat Eguna izango da heldu den larunbatean, hilak 21, Zuberoako Alozen. Jaiak bertako ikastola laguntzea du helburu. Oiartzundik ordezkaritza bat joango da eta nahi duen orok joateko aukera ere badu, horretarako autobusa antolatu du Zazpiak Bat Harreman Sareak.
Fandago ikastaroarekin emango diote hasiera jaiari 11:30ean. Gero dantza emanaldia izango da, Alozeko dantzarien eta Ainerak eta Kauteren Synfonia taldeen eskutik. Horren ondotik, bazkaria eta bertsolariak egongo dira eta bukatzeko Kauteren Baleta ikuskizuna izango da.
Alozera joan nahi duenak autobuserako izena eman behar du Garmendi txokolategian. Autobusa 09:00etan aterako da Haurtzaro Ikastolako aparkalekutik eta 19:00etan bueltako bidea hartuko dute. Bazkarirako txartelak ere txokolategian erosteko aukera dago, 12 euroren truke.
2009tik laguntzen
Duela urte batzuk hasi zen Oiartzungo Udala bertako ikastola diru laguntzen, hango ikasleek ikasketak euskaraz egin ditzaten. 35 urte dira Basaburuako ikastola sortu zela. Hasiera batean 3 eta 6 urteko haurrak hartzen zituen, baina ikasle kopurua handitzen joan zen eta mailak ere sortu ziren; hortaz, orain bost urte egoitza berria eraiki zuten egoera horri erantzuna emateko. 46 ikasle dituzte gaur egun.
Orain ere eraikina txiki geratu zaie eta Xiberoako Herri Elkargoak etxe bat berritzea onartu du Alozen.
Zazpiak Bat Harreman Sarea Udalbiltzaren barruan sartzeko asmoa dago, horrela Alozen kokatua den ikastola Udalbitzaren ardurapean egongo da.