Arraunlari kalearen artxiboko irudia
San Pedroko aparkalekuak eta trafikoa antolatzeko Udal Gobernu Taldeak landu duen proposamen berriaren xehetasunak emateko batzar irekira deitu dituzte sanpedrotarrak hilaren 19rako (osteguna), 19:30ean, Udal Aretoan. Nabarra Boua plazako aparkalekuak abian jartzeko prozesua bukatzear dago, eta horren ondorioz Arraunlari kalerako batez ere egitasmoa badu udal gobernuak: oinezkoei lehentasuna emango dien proposamena da.
Bide horretan, udalak bere proposamena osatzeko hainbat bilkura egin dituela jakinarazi du. Azkena aurreko asteko asteazkenean egin zuten, gai hori propio lantzeko San Pedron sortu zuten bizilagunen batzordearekin. Azken horiek hainbat ekarpen egin zizkioten udalak landu duen proposamenari, eta horiek aztertzen ari dela nabarmendu dute udaleko kideek, “argi izanik lehentasuna oinezkoak direla, eta hauteskunde programan zehaztutako marra gorriak ez ditugula gaindituko”.
Gaizkiulertua
Udal Gobernu Taldeak gaizkiulertu baten berri eman du, 2-2 egoiliar txartelaren banaketaren gainekoa. Hala, hori konpontze aldera, udalak esan die Torreatzeko bizilagunei “egoiliar txartela duten San Pedroko bizilagun guztiek aparka dezaketela bai Torreatzen baita Arraunlari kalean ere, eremu bakloitzean zehaztuta dauden ordutegietan”. Horregatik barkamenak eskatu ditu udalak txartel horren banaketan izan diren gaizkiulertuengatik, eta “honek eragin dituen buruhausteengatik”.