Tarifa bakarra ordainduta, kirol jarduera guztietan parte har daiteke
Dagoeneko izena eman daiteke Galtzarabordako nahiz Fanderiako kiroldegietako ikastaroetan. Aurten, berritasun ugari daudela jakinarazi du kirol patronatuak. Horietako bat, tarifa bakar bat ordainduta, Kirolkide ekintzak izeneko multzoan dauden ikastaro guztietara sartzeko aukera izango dela da, mugarik gabe, bi kiroldegietan.
Berritasun horrek ikastaroak bakoitzaren “behar, ordutegi eta konpromisoetara” egokitzeko aukera emango duela uste du patronatuak, eta “ez alderantziz”. Horrek jarduera batera zein egun eta orduetan erabakitzeko aukera ematen duela azaldu du, baita jarduera ezberdinak probatzeko aukera ere. Hori urriaren 1etik ekainaren 30era arte egongo da zabalik.
Bide berri hori probatu nahi dutenek hileko 27,30 euro ordaindu behar dute abonu orokorra edukiz gero, eta 41,88, berriz, igerilekuko abonua dutenek.
Kirolkide ekintzak multzotik kanpo ere badaude beste hainbat ikastaro: defentsa pertsonala, gimnasia hipopresiboa eta 65 urtetik gorakoentzako gimnasia, hala nola.
Txikienei zuzendutakoak ere badira: dantza eskola, gimnasia erritmikoa, karate eta igeriketa ikastaroa.
Informazio gehiago 943 44 96 90 (Galtzaraborda) edo 943 34 44 23 (Fanderia) telefonoetan edo kiroldegietan bertan aurki daiteke.