
Ortiz, dimisioa eman eta gero
Atzo goizean dimisioa aurkeztu zuen Juanito Ortizek, Hondarribiko Alardeko Danborrada konpainian kantinera bezala jardun zuen bere alabaren ondoan desfilatu zuen Bildu koalizioaren zinegotziak. Berarekin batera beste hiru hautetsik utzi dute kargua. Dimititu eta gutxira HITZA-ri espresuki emandako elkarrizketan azaldu du galera “izugarria” dela, eta gertatutakoa bideratzeko ate bat irekita utzi du.
Dimisioa aurkeztu berri duzu, nola zaude?
Lasai nago, baina pena handia daukat gertatu denagatik. Zinegotzi taldean oso ondo moldatzen ginen, lan handia egiten ari ginen eta lan horren fruitua jasotzen hasiak ginen. Gatazkak iraun duen hemezortzi urte hauetan itxitako hainbat ate irekitzen hasiak ginen.
Harrituta gaiak izan duen oihartzunarekin?
Oso harrituta, herrian ez nuen nabaritu halako soinurik zegoenik. Hau guztia diskrezio handiarekin landu genuen asteartean prentsa oharra agertu zen arte. Hortik aurrera erokeria izan da.
Kargua utzi duzu, baina zurekin batera udal taldeko beste hiruk gauza bera egin dute, eta geratzen denak ez du argitu zer egingo duen. Ez al da galera handiegia?
Niretzat izugarria da galtzen dena, gehienbat herrian ezker abertzaleko kideek ez dutelako ulertzen hainbeste urteren ondoren, burua altxatzen ari ginenean, aita baten erabakiaren ondorioz hau guztia gertatzea. Taldean bost zinegotzi gara, oposizioko lehenengo alderdia, eta lan handia egin dugu, euskararen alde, zailtasunak bizitzen ari diren herritarren alde, injustiziaren aurka, eta gobernuak herria beste ikuspuntu batetik gobernatu dezan. Beti lan egin dugu jarrera ezkertiar batetik. Eta noski, Alardearen auzian, lan handia egin dugu emakumeen eskubideen alde.
Zuk zein ardura duzu erabaki horretan?
Nere ardura da alabaren ilusioa betetzea, hori baino ez. Banekien Bilduko zinegotzi izanda ezin nuela Alardean desfilatu, eta horregatik nire kargua mahai gainean jarri nuen.
Zure taldekideek babesa eman dizute. Askok galdetuko dute: elkarren babesa badute, zergatik dimititu?
Behin baino gehiagotan pentsatu dut horretan. Nik beti pentsatu izan dut ezker abertzaleko taldeak desberdinak ginela, erabakiak behetik gora hartzen genituela, baina kasu honetan ez da horrela izan, ez baitute kontuan hartu herriko asanblearen iritzia. Iritzi hori ez da kontuan hartu eta erabakia goitik etorri da, eta komunikabideetan agertu dena ez da egi osoa izan.
Zure alaba Danborrada konpainiako kantinera izan da, eta bere ondoan desfilatu duzu. Garai batean konpainia horretan ibili zinen ere. Hitz egin al duzu noiz edo noiz konpainiako arduradunekin emakumearen parte hartzeaz eztabaidatzeko aukeraz? Egingo al zenuke?
Orain dela urte batzuk bai, hitz egin nuen. Hitz egitea eta eztabaidatzea ez da sekula izango txarra. Baina bi aldeek jakin behar dute eztabaida batean malgutasuna behar dela adostasunera iristeko. Nire ustez, hori ezinbesteko baldintza da. Aurten saiakerak egon dira eta hori da bidea. Nik Alardearen auzia konpontzeko jarrera aktibo bat edukitzeko eskatuko nieke hondarribiar guztiei.
Hurrengo osoko bilkuran onartu beharko da zinegotzi karguak uzteko erabakia. Hori gertatu arte, ba al da atzera egiteko aukerarik?
Nahi izanez gero, bai. Baina uste dut Bilduko agintariek ez dutela interes askorik, bestela honek aspalditik konpondua izan behar zuen. Bilduk galduko duena asko da, eta hondarribiarrek galduko dutena ere. Gu beti egon gara prest hau bideratzeko, konponbide batera iristeko, urtetan jende askok egindako lan handia galdu daitekeelako. Orain arte hitz egiteko prest egon gara eta hitz egiteko prest gaude.