Gipuzkoako EH Bildu: "Herritarren aurrean hartzen diren konpromisoak betetzeko daude"
Gipuzkoako Euskal Herria Bilduk, azken egunetan Hondarribian Alardeari lotuta izan diren gertaerei erantzunez, berretsi egin du koalizioko kargu politikoek “herritarren aurrean hartzen dituzten konpromisoak” bete behar dituztela. Konpromiso horiek bi planotan banatu ditu koalizioak. Lehena orokorra da, eta 2011ko udal eta foru hauteskundeetan Bildu koalizioaren zerrendak osatu zituzten pertsona guztiek kode etiko bat sinatu zutela da. Eta bigarrena, Hondarribira bideratua: “Kode etikoaz gain, Hondarribiko kasuan EH Bilduko zinegotzi guztiek, salbuespenik gabe, Alardean ez parte hartzeko konpromiso irmoa sinatu zuten. Orain arte zinegotzi izan den Juan Ortizek ere konpromiso zehatz hori sinatu zuen”.
Koalizioko kideek esan dute bere oinarri sozialarekin eta boto-emaileekin “errespetu osoz”, hauteskundeetan aurkeztutako printzipio eta konpromiso politiko nahiz ideologikoetan oinarrituta egiten dutela zinegotziek eta kargu politikoek euren jarduera politiko eta instituzionala, eta salatu du “polemika antzu bat mediatikoki areagotzen saiatzeko eragile politiko zehatz batzuk” izan duten jarrera: “Alardearen gaian, emakumeak baztertzen dituen jarduerak salatzeko eta emakumeen eskubideak defendatzeko duten konpromiso demokratiko falta da estali nahi dutena”.