
Udaleko eta ekimeneko kideak, atzo, jardueren berri ematen
Dantza Hirian mugaz gaindiko ekimenak geldialdia egingo du bihar arratsaldean Irungo Zabaltza plazan eta Justizioa Jauregian. Jarduera horren zortzigarren ekitaldia da. Hala, horren barruan, hiru dantzariren ikuskizunak ikusi ahal izango dira hirian: 18:30ean Iker Gomezek
El mambo de la copla lana emango du Zabaltzan; 18:45ean Ai do Project taldeak
Retratros de la Belle Epoque eskainiko du Justizia Jauregiaren atariko plazan, eta 19:00etan Judith Argomanizek
Hooked lana emango du Zabaltza plazan.
Baiona-Donostia tartean dantzaren espresio berritzaileak ezagutarazteko ekimena da Dantza Hirian. Hala, aurten, Irunez gain, Donostia, Ziburu, Azkaine, Hendaia, Baiona, Errenteria-Orereta, Donibane Lohizune eta Pasaia izango ditu egoitza ekimen ibiltariak, eta herri eta hiri horietako 24 zonaldetan izango dira emanaldiak; hilaren 12an hasi zen, 29an bukatzeko. Dantzariei eta koreografoei marko berri bat ezartzen zaie horrela, lanak zabal ditzaten.
Atzo aurkeztu zituzten bihar Irunen izango diren dantza saioak. Belen Sierra Kultura ordezkariaren arabera, “beti ustekabea ematen duen interes handiko proposamenak” ikus daitezke hirian.
Bihar Irunera iritsiko bada ere, hilaren 21ean Hendaian izango da Dantza Hirian, eta 29an, berriz, Errenteria-Oreretan eta Pasaian.