Ibai Labaien, Kattalin Noblia eta Marilena Castillo, Bildu koalizioak Hondarribiko Udalean dituen bost zinegotzitik hiruk dimisioa aurkeztu dute gaur goizean, Juanito Ortizek egin duen bezala. Joan den igandean Alardean desfilatu zuen Ortizek, Danborrada konpainian, kantinera atera zen bere alabaren ondoan. Astelehenean Euskal Herria Bilduk jakinarazi zuen Bilduko zinegotziak dimisioa aurkeztuko zuela; “Bilduren hautagaitzetan aurkeztu ziren pertsona guztiek dekalogo etiko bat sinatu zutela” azaldu zuten EH bildutik eta “bertan, emakumeen eskubideen aldeko jarrera aktiboa izango zutela argi eta garbi adierazten” zela.
HITZA Ibai Labaien Bilduren Udal Taldeko bozeramalearekin harremanetan jarri da, baina adierazpenik egingo ez dutela adierazi du, eta euren iritzia komunikabideetara bidalitako prentsa ohar batean agertzen dute. Ohar horretan, gaur Ortizekin batera zinegotzi kargua utzi duten beste hiru hautetsiek diote Ortizek “alabaren ondoan desfilatzeko asmoa azaldu zigun momentuan bertan bere kargua mahai gainean jarri” zuela, baina koalizioko alderdien herriko batzarrek “dimisioaren aurkako iritzia agertu” zutela, “eta berdin egin genuen Bilduren zinegotziok”. Labaienek, Nobliak eta Castillok gehitzen dute, euren ustez “dimisioa onartzeak ez ziola mesederik egingo egiten ari ginen lanari, ezta azkeneko hamazazpi urteko ahaleginen ondoren herrian sumatzen den distentsio giroari ere. Indarrak batzeko eta giroa baretzeko baino, dimisioa onartzea egoera okertzeko izango zela pentsatzen genuen”.
Oharrean, “egoera bideratzeko” hilaren hasieran zuzendaritzarekin elkartu zirela nabarmentzen dute, eta “bertan herriko batzarretan plazaratutako iritziak helarazi” eta “zinegotziak, Juanito Ortiz barne, alarde parekide eta publikoaren alde” daudela azaldu zutela. Bilera “adostasunik gabe” amaitu zutela gehitu dute.
Asteartean aurreratu zuen BERRIAk Ortizek alardean parte hartu zuela. Ondoren, eguerdian, EH Bilduk baieztatu egin zuen berria, komunikabideetara bidalitako prentsa oharraren bidez, eta Ortizek dimititu egingo zuela gaineratzen zuen. Oihartzun handia izan du albisteak, eta beste hiru zinegotziek hartu duten erabakiaren ondoren ikusi egin beharko da zer gertatzen den, Hondarribiko oposizioko lehen taldeko bost zinegotzietatik lauk erabaki baitute beren kargua uztea. Bosgarren zinegotziak, berriz, oraindik ez du argi bide bera hartuko duen ala ez, HITZAri jakinarazi dionez.
Eztabaidarako deia
Dimititzeko arrazoiak jasotzen dituen testuan emakumeen eskubideen alde borrokatu dutela adierazten dute Labaien, Noblia eta Castillo hautetsi dimititu berriek: “Legealdiaren hasieratik borrokatu dugu Hondarribia euskaldun baten alde, behar gehien dituzten hondarribiarren alde, justiziaren alde, herriak daraman norabide eskuindarraren aurka, eta noski, emakumeen eskubideen alde”.
Alardeari dagokionez, Bilduko zinegotzi guztien “nahia Alarde publiko batean emakumearen integrazio erabatekoa izatea” dela zehazten dute eta Aitor Kerejeta alkateari “publikoki” eskatu izan diotela “hori lortzeko bideak irekitzeko eta Kale Nagusian gertatzen diren jarrera iraingarriak gerta ez daitezen neurriak hartzeko”. Zentzu horretan, gogora arazten dute Bilduren Udal Taldeak eskaera egin ziola alkateari, “sentsibilitate guztiei buruz eztabaidatzeko eremu bat sortzeko”. Dimisioa aurkeztu duten koalizioko hiru zinegotzien esanetan, “lan ildo horiekin ari ginen lanean, eta horren baitan ulertu behar da hartutako erabakia”.