Battite Salaberri (erdian) eta Emmanuelle Destruhaut (eskubian)
Hilaren 3an hasi zen ikasturtea Hendaian, eta herriko alkate Jean Baptiste Salaberrik eta Emmanuelle Destruhaut Irakaskuntza eta Eskolako Bizitza ordezkariak lehenbiziko balantzea egin dute. Horrela, guztira 1.420 ikasle hasi ziren herriko eskola publikoetan, iaz baino 32 gehiago.
Ikasle berriak 241 dira aurten. Horien gehiengoa —201— herrian bertan bizi da, 27 Lapurdin eta hamahiru Gipuzkoatik datoz. Eredu elebidunean dagoen ikasleen kopuruak gora egin du, iazko ikasturtearekin alderatuta. Hala, iaz %44, 52 izan ziren, eta aurten berriz, %50,35.
Azaldu dutenez, ikastetxeek ikasle gehiago jasotzeko duten kopurua “ezingo da hedatu”, eta “saturazio prozesu” horri aurre egiteko asmoz, Gipuzkoatik zein Lapurdiko inguruko herrietatik datozen ikasleen kopurua mugatu nahi dute. Herri horietako auzapezekin jarriko dira harremanetan Herriko Etxeko ordezkariak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari finantziazioan laguntzeko eskatu diote.
Horrez gain, Hendaiako ikastolari dagokionez, gaur hasiko da Herriko Etxeak ikastola babesteagatik hasitako epaia. Prefetak babes hori salatu zuen.