DYAk bihotz-biriken suspertze ikastaroa antolatu du
Gipuzkoako DYA erakundeak ikastaro bat egingo du Hondarribian, Bihotz-biriken Suspertze (BBS) eta Kanpoko Desfibriladore Automatiko (DEA) ikastaroa. Hilaren 16an eta 17an egingo da eta izena eman nahi dutenek 943 46 46 22 telefono zenbakira deitu behar dute. Ikastaroa DYAren ordezkaritzan emango dute eta matrikularen kostua 80 eurokoa da. Denentzat irekia da eta aurretik osasun ezagutzarik ez da beharrezkoa.
DYAtik esan dutenez, ikastaroa teorikoa eta praktikoa izango da eta oinarrizko bihotz-biriken suspertze mugimenduak eta DEA erabiltzen irakatsiko dute: “Ezaguera errazak, eskuragarriak eta erabilgarritasun handikoak, bereziki bere lana pertsona ugari dagoen guneetan burutzen dutenentzat, baita arriskuzko lanbideetan, gaixoekin, ordena publikoko zerbitzuetan eta segurtasun-gorputzetan, Babes Zibileko talde, suhiltzaile, osasun sorospeneko eta erreskate taldeentzat…”.
Hilaren 16an eta 17an egingo dute ikastaroa, 18:30etik 21:00etara, DYAren Hondarribiko egoitzan, (Soroetagain, 6/7, behea).