Oiartzungo udako igerilekua
Jolasak, txokolate-jatea… izango dira igerilekuei agur esateko; denboraldia igandean bukatuko da.Ohi bezala, irailaren erdialdean itxiko dituzte udako igerilekuak eta azken eguna igandea izango bada ere, itxiera festa ostiralean (hilak 13) egingo dute. Festa 16:00etan hasiko da udako igerilekuetan bertan, baina eguraldi txarra eginez gero Elorsoro kiroldegian egingo dute.
27.393 erabiltzaile
Udako igerilekuak 27.393 erabiltzaile izan ditu. Gehienak (%88) Elorsoro kiroldegiko bazkideak izan dira eta gainontzekoak eguneko sarrerak erosi dituztenak eta udaleku zein taldeak.
Eguraldia “oso irregularra” izan dela eta, denboraldi hasiera “nahiko kaxkarra” izan zela onartu dute arduradunek, baina uztaila eta abuztuan eguraldiak asko lagundu du eta uztailean soilik 17.000 erabiltzaile baino gehiago hurbildu ziren igerilekura.