Martxan da gizonen Zilarrezko Maila eskubaloian. Ereintzak azkenean maila mantentzea lortu zuen, eta bigarren aukera honetan etxeko lanak ahalik eta ondoen egiten saiatuko da, lehenengo partidutik hasita: larunbatean Palma del Rioren kantxan jokatuko du, Kordoban.
Itxura berria du taldeak, entrenatzailetik hasita. Jesus Romero, orain arte bigarren taldeko entrenatzaile izandakoak, hartuko du Alex Noguesen lekukoa.
Taldean ere aurpegi berriak dira nagusi, iaztik bost jokalari baino ez baititu mantenduko Ereintzak: Dani Solano, Mikel Iraeta, Iker Garmendia, Jon Imanol Vazquez eta Iñigo Yerobi. Lau jokalari fitxatu dituzte: Eduardo Agreda (Egia), Roman Dupuy, Joseba Zabala (Hondarribia), Alexis Jimeno. Bigarren taldetik igo dira Oier Aguado, Haritz Otegi, Alain Saseta eta Ioritz Huete. Lehen eta bigarren taldeen artean egongo dira: Haritz Tolaretxipi, Unai Rodriguez eta Jon Linazasoro. Francisco Javier Barros Ereintzako arduradunak azaldu duenez, talde “gaztea” dute, eta pixkanaka fruituak ematen eta ikasten joatea da asmoa.
Gaineratu duenez, denboraldian zehar “taldea indartzen” saiatuko dira, eta “ahalik eta tokirik onenean geratzea sailkapenean, beti ere buruan maila mantentzea edukiz”.
Abonatuen garrantzia
Aurten instituzioen diru laguntzarik gabe geratu da Ereintza. Mantendu ditu babesle pribatuak (Beissier eta Iparbus, hurrenez hurren), eta horregatik, abonatuak lortzea “inoiz baino garrantzitsuagoa” dela esan du. Horiek erakartzeko “prezio eskuragarriak” jarri dituztela adierazi du Barrosek.
- Urtekoa (normala): 50 euro
- Ereintzako sozioak: 30 euro
- Familiarra (bi heldu eta bi haur 14-18 urte artekoak): 100 euro
- Gazteena (14-18 urte): 25 euro
- Ohiko sarrera: 5 euro
- Ohiko sarrera (gazteak): 3 euro
Horrez gain, klubaren bi egun izango dira, baina ez abonatuek ez dute gehiago ordaindu beharrik izango.
Barrosek gogorarazi du gutxienez hamasei partidu izango dituztela jokatzeko, horietako bat, berritasuna: Errege Kopa. Zentzu horretan, Lehenengo Mailako taldeekin jokatuko dutela gogorarazi du, eta beraz, punta-puntako talderen baten bisita jasoko dutela, gutxienez, etxean.
Norbaitek abonatu nahi izanez gero, Ereintzaren bulegotik pasatu beharko du. Galtzarabordako kiroldegian dago, eta egunero dago zabalik 19:30etik 21:30era.