Oarsoaldeko AEK euskaltegietako kideak, gaurko aurkezpenean
Oarsoaldeko AEKren ordezkariek gaur aurkeztu dute ikasturte berria. Nabarmendu dute euskara ikasteko modurik egokiena euskaraz pentsatzea eta hizkuntza erabiltzea dela, eta hori egiteko modurik eraginkorrena AEKn izena ematea dela, “euskara praktikoa izan da aurtengo matrikulazio kanpainarako aukeratu dugun leloa. Praktikoena euskaraz pentsatzen eta euskara erabiltzen ikastea da, hori da gure helburua”. Hala, AEKn matrikulatzera deitu dituzte herritarrak.
Euskara praktikoaren ideian sakontzeko lau argudio eman dituzte AEK-ko kideek. Lehena da AEK euskaltegiak edonon daudela, eta eskaintzarik zabalena dutela, “eta ezinezkoa bazaigu euskaltegiren batean norbaiten beharrak asetzea, ziur ondoko euskaltegian egin ahal izango dugula”. Bigarrenak malgutasunarekin du harremana, hau da, edonoren beharretara –bai eskaintza zein ordutegi aldetik– egokitutako ikastaroak eta eskolak eskaintzen dituela AEK-k, “gure katalogoa ezin zabalagoa da”.
Hirugarren argudioak esperientziarekin du lotura, “euskara irakasten daramatzagun 30 urteko epean 50.000 lagunek baino gehiagok ikasi dute gurekin euskara”; laugarrena, aldiz, metodologiaren gaiaren gainekoa da, AEK-k uste baitu metodologia komunikatiboa erabiltzea dela egokiena, “sinetsita gaudelako hizkuntza bat erabiliaz baino ez dela ikasten”.
Erakundeekin elkarlana
Oarsoaldeko AEK euskaltegietako kideek nabarmendu dute ezinbestekoa dela erakundeen inplikazioa eta horiekin elkarlana “Euskal Herria eta Oarsoaldea euskalduntzeko”. Horregatik nabarmendu dute tokian tokiko erakundeekin izandako harremanen ondorioz lortutako emaitza.
Oiartzungo Intxixu euskaltegian, esaterako, ikasleen beharretara egokitu du udalak beka sistema, eta oinarrizko baldintzak betetzen dituzten oiartzuarrek matrikularen erdia baino ez dute ordaindu beharko.
Lezoko Oroitzene euskaltegian gurasoentzako eskaintza berezia prest dute, eta horren arabera matrikula merkeagoa izango dute, eta euren ordutegi eta beharretara egokitutako zerbitzua goza dezakete, “adituek beti adierazi dute hizkuntza bat berreskuratzeko biderik eraginkor eta naturalena familia barruko trasmisioa dela”.
Errenteria-Oreretako Xenpelar euskaltegian langabeek doako ikastaro trinkoak jasotzeko aukera mantenduko dute, “Gipuzkoa osoan eredugarri izan den eskaintza zabalduz; gurasoek ere ikastaro berezituak izango dituzte, ohikoak baino merkeagoak.
Antxoko Txirritan eskaintza oso zabala da. Langeentzako ikastaro trinkoak, merkatariei zuzendutakoak edo gurasoenak izango dituzte ohikoez aparte. Aurreko hiru kasuetako ikasleek, beka sistema dela eta, ikastaroak doan izango lituzkete eta gainontzekoek matrikularen %25a bakarrik ordaindu beharko lukete.