
Baserritarrak, Zumardian animaliak prestatzen. Goizeko hamerretan hartutako irudia da.
Baratzak bustita, bideak lokaztuta, baina Hondarribiko baserritarrek ez dute hutsik egin herriko festetako azken egunean. Goizeko lehen orduan jende gutxi zegoen Zumardian, baina prest zegoen zeruak tregua emango duenerako. Ez da ezer faltako: animaliak ikusteko eta haien gainean ibiltzeko, baserriko produktuen azoka, bertsolariak, pilota partida, pailazoak, herri kirolak, jateko eta edateko postuak… Giro ezinhobea izango da goiz eta arratsaldez Zumardia inguruan.
Eta gaur, berritasun bezala, euskal giroak jarraipena izango du Portuan, Kantaka Taldearen eskutik kantu-jira egingo baitute 19:00etatik aurrera. Hori eta gauza askoz gehiago geratzen dira oraindik jaiak amaitu aurretik. Nahikoa gozatu ez duenak aukera du, hortaz, ekitaldiz beteriko egun polita duelako aurretik.