
Puzgarriak Jostaldin puztuko dituzte gaur, euriagatik. Irudia atzokoa da.
Bustitik dator Arrantzale Eguna. Bart gauetik bihurri jarri zaigu zerua eta Hondarribiko Jaietako azkenaurreko eguna zapuztu nahian dabil. Ez du lortuko, baina, euriari aurre egiteko irtenbideak baituzte hondarribiarrek. Hala, haurrentzako parke erraldoia Jostaldi pilotalekuan puztuko dute gaur eta koadrilen jolasak San Pedro kalean beharrean Bentako estalpean egingo dituzte.
Bazkarien eguna da gaur. Herriko nagusiek Ardoran izango dute eurena eta gazteek Bentan. Zerura begiratuta bati baino gehiagori joan zaizkio parrandarako gogoak baina ziur itzuliko zaizkiela Elektropatxarangak bere jarduna hasten duenean. Musikak protagonismo berezia hartuko du jaietan. Gazteen kalejira elektrikoaren ondoren Diskofesta izango da Santiago kalean eta, gauean, euskal musika nagusi: Gorka Knörr Arma Plazan eta Izaki Gardenak eta Hesian taldeak Bentako estalpean.