Emakumeen lana itzaletik ateratzeko
Amapola moreak. Izen hori du hilaren 19an Oiartzun eta Antxeta irratiek elkarlanean abiatuko duten irratsaio berriak.Berria eta berritzailea, izan ere, ideiaren atzetik dauden Mirari Martiarena oiartzuarrak eta Aitziber Zapirain hendaiarrak Euskal Herriko irrati zein telebistek eskaintzen ez duten saioa eskainiko dutela argi dute. Amapola moreak irratsaioan emakumeak elkarrizketatuko dituzte, bakarka, eta ordubetez sobera ezaguna ez den ibilbidea erakutsiko dute, “emakume horiek egindako lana aitortu eta azalarazteko”. Euskal Herriko bazter guztietako emakumeak gonbidatuko dituzte horretarako Oiartzun eta Antxeta Irratietako estudioetara. “Ezagunenekin hasi gara, baino ez gara horietara mugatuko. Bizitza osoa okin lanetan eman duen emakumea ere ekarri nahi dugu Amapola moreak saiora elkarrizketatzera”.
Hamabostean behin egingo dute saioa arrats partean, 20:00etatik 21:00etara bitartean eta Alaia Martin bertsolari oiartzuarrarekin egingo dute estrainekoa. Horren atzetik Hamaika Telebistako erredaktore buru Naroa Iturri, eta Miren Gaztañaga aktorea izango dituzte gonbidatu saioan. Irratsaioa Oiartzun zein Antxeta irratietako web guneetan ere zintzilikatuko dutela esan dute, “beraz bertan ere entzuterik izango da”.
Gonbidatuen jarrerarekin pozik
Zuzeneko irratsaioak “xarma berezia” dutela onartuta, lehen hiru elkarrizketak grabatuak direla aitortu dute bi kazetariek: “Hasierako saioak ziurtatze aldera prestatuta ditugu jada, Amapola moreak gure lan orduetatik kanpo egiten ari garelako eta agenda arazoak ditugulako. Hala ere gure gonbidatuetakoren batek aukera badu Antxeta edo Oiartzun irratira saioa hasten denerako etortzeko, zuzeneko saioa egiteko prest gara».
Elkarrizketarako prestatutako galderak erantzuteaz gain, gonbidatuei bi kanta aukeratzeko eskatzen diete Zapirainek eta Martiarenak, elkarrizketan zehar txertatzeko. Beste eginkizuna ere izaten dute , elkarrizketatutakoak galdera bat egin behar dio hurrengo saioan gonbidatuko duten emakumeari: “Galdera prestatzeak badu bere zailtasuna, ez da hain erraza, elkarrizketatuak ez baitu jakiten zein izango den hurrengo saioko gonbidatua galdera egiteko garaian”.
Amaieran galdetegi morea ere erantzun behar izaten dute gonbidatutako emakumeek. “Denek galdera berak erantzungo dituzte. Berdintasuna beraientzat zer den da egiten diegun galderetako bat. Esaldi bakarrean erantzuteko eskatzen diegu galdetegia, motzean”, azaldu du Zapirainek.
Orain arteko elkarrizketatuek erakutsitako jarrerarekin «pozik» daude oso oiartzuarra eta hendaiarra, “izugarri ondo hartu gaituztelako. Bakarkako elkarrizketa formatuarekin gainera kutsu intimoa ere hartzen du, eta gure saioan beste saio mota batzuetan aterako ez liratekeen kontu asko aterako dira”.
Feminismoaren gainean zerbait elkarlanean egiteko gogoa betidanik izan dutela azaldu du Martiarenak eta hortik sortu dela irratsaioa. “Orain bi urte, Arrosa sareak Bergaran egindako jardunaldien barruan mahai ingurua izan zen. Emakumeok irrati libre edo komunitarioetan dugun parte hartzea aztertu genuen bertan. Han hartu genuen erabakia, zerbait egin behar genuela pentsatu genuen eta uda aurretik biltzen hasi gara gogotsu Amapola moreak egi bihurtzeko”, gaineratu du Zapirainek.
Epe luzerako proiektua
Irratsaio berriak Arrosa sarean harrera «ezin hobea» izango duen zalantzarik ez dute bi kazetariek, “formatu honetako saiorik ez dagoelako sarean soilik eta behar zelako”. Hala izanik, txantxa artean aipatu badute ere, Rikardo Arregi sariei begira jarri dira bi kazetariak: “Broma gisa esaten badugu ere, zergatik ez? Emakumeak soilik elkarrizketatuko dituen formatu honetako beste saiorik ez da gurean. Rikardo Arregiz aparte, Argia sariak ere hor daude…”.
Irratsaio berriari ez diote iraupen mugarik jarri, “ez da ikasturte bakarreko egitasmoa”, denboran luze irauteko asmoarekin sortu dutela argi dute biek, eta horretarako lehengaia ez dutela faltako ziur dira, “Euskal Herrian emakume ugari dago eta hitz egin, bizipenak kontatu eta ekarpen izugarriak egiteko”.
Beraien irratsaioarekin emakume askok egiten duten lanaren aitortza egingo dute Zapirainek eta Martiarenak, eta horren harira komunikabideak gogoeta egitera deitu dituzte: “Orain gutxi Euskal Herriko komunikabideen gainean egindako azterketa batean emakumeak erredakzioetan, mikrofono eta pantaila aurrean aritzen direla baina aginte postuetan gizonak nagusi direla ondorioztatu dute. Horren gainean hausnarketa egin beharko genuke”.
Amapola moreak goxo-goxo zainduko dituzte, zimeltzen uzteko asmorik ez dutelako Zapirainek eta Martiarenak. Gogo izugarriz egindako lanarekin batera, uhinen bestaldean entzuleak ezinbestekoak izango dituzte hasi berri duten bidean. “Asko ikasiko du entzuleak, emakume askoren ibilbidea azalduko da bertan, eta gu geu behintzat, izugarri ikasten ari gara esperientziarekin eta hasi berri baino ez ditugun elkarrizketekin”.