Elkartasun afaria egingo du Hondarribian Stop Kaleratzeak-ek, ostiralean
Hilaren 13an (ostirala) elkartasun afaria egingo du Bidasoko Stop Kaleratzeak taldeak Hondarribiko Ballestanea jatetxean (Arkoll auzoa, 34). Etxetik kaleratu dituzten familiei laguntza emateko, edo Bidasoa inguruko bankuek nahiz kutxek herritarren kontra hasitako prozedurekin arazoak dituztenei babesa emateko. Afaria herritar guztiei zabalik dagoela jakinarazi dute. Hainbat xehetasun eman dituzte antolatzaileek.
Batetik, Irundik Hondarribia autobus zerbitzua jarriko dute, eta menuaren prezioaren barruan dago joan-etorria: 25 euro. Laguntza handiagoa eman nahi dutenek hori egin dezaketela esan dute antolatzaileek. Hala, afarirako erreserba egin nahi dutenek 943 64 55 39 telefono zenbakira hots egin behar dute, eta bestelako ekarpen ekonomikoak egin nahi dituztenek bi egun dituzte horretarako: lehena gaur arratsaldean Irungo Lakaxita gaztetxean, eta bigarrena etzi arratsaldean Irungo Erletxean.