EH Bilduk Juanito Ortiz zinegotziari dimititzeko eskatu dio, alardean alabaren ondoan desfilatu zuelako
Gaur goizean prentsari bidalitako ohar batean Euskal Herria Bildu koalizioak Juanito Ortiz Hondarribiko zinegotziari kargua uzteko eskatu dio, joan den igandean alarde tradizionalean kantinera bezala parte hartu zuen bere alabaren ondoan desfilatu zuelako. EH Bilduren testua oso laburra da eta bertan labur azaltzen dira Ortizi egiten zaion eskakizunaren arrazoiak: “Ortizen asmoa jakin bezain pronto, igandea baino lehenago, EH Bilduko zuzendaritza berarekin bildu zen eta jakinarazi zion jokabide hori eta EH Bilduren filosofia eta praktika politikoa bateraezinak direla. Horren ondorioz, Juan Ortizek hurrengo egunetan bere zinegotzi akta utziko duela adierazi zion EH Bilduko Zuzendaritzari”.
HITZAk jakin ahal izan duenez, Ortizek lehen unetik aurkeztu zuen dimisioa, baina gaia Sortu alderdiaren herri batzarrean aztertu zutenean, gehiengo zabal bat dimisioa ez onartzearen alde azaldu zen. Besteak beste, emakumeen eskubideen aldeko borrokarekin zinegotziak urtetan erakutsitako jarrera nabarmendu zuten.
Hortik aurrera Hondarribiko Sorturen mahaiko ordezkariak eta Bilduren bost zinegotziak behin baino gehiagotan elkartu dira Sortu zein EH Bilduko arduradunekin, egoera bideratzeko. Bilera horietako baten ondoren Sortuk herri batzarraren iritzia aintzat hartuko zuela esan zuen. Baina alderdiak norabidea aldatu zuen eta Ortizen dimisioa ezinbestekoa zela adierazi zioten orain astebete. Dimisioa igandea baino lehen aurkeztu behar zela azaldu zuten gainera, hau da, alardea baino lehen.
Erabakiaren zain
Orain arte gaia diskrezioz landu dute Sortu alderdiaren eta EH Bildu koalizioaren herriko zein egiturako ordezkariek, baina gaur goizean, EH Bilduk prentsa oharrez jakinarazi du Ortizek alardean parte hartu zuela. Ohar horretan argitzen dutenez “2011ko hauteskundetarako Bilduren hautagaitzetan aurkeztu ziren pertsona guztiek dekalogo etiko bat sinatu zutela. Bertan, emakumeen eskubideen aldeko jarrera aktiboa izango zutela argi eta garbi adierazten zuten”.
Alderditik komunikabideetara oharra bidali dutela jakin eta gero Bilduko zinegotziek ez dute adierazpenik egin nahi izan, eta ez dute argitu zer gertatuko den Ortizek dimititu eta gero. Dirudienez, jaien ondoren, udaletxea irekitzen duten lehen egunean Ortizen dimisioa aurkezteko konpromisioa zuten.