
Gaur espero dute antolatzaileek jende gehien Landare Elkarteak hirugarren urtez antolatu duen Garagardo Ferian. Mila lagunentzako eserlekuak prestatu dituzte eta eguraldia lagun izan ez badute ere iazko kopuruei eutsi dietela azaldu du antolatzaileetako bat den Igor Elberdinek.
Osteguna eta ostiralean zehar 1.500 garagardo zerbitzatu dituzte Koldo Mitxelenako karpan. Jatekoei dagokienean 200 ukondo inguru zerbitzatu ditzutela azaldu du Landare Elkarteko kideak: “Hala ere, aurten jendeak gehiago egin du saltxitxen alde”. Ukondoa eta saltxitxez gain, oilaskoa ere eskatu daiteke Landarek Koldo Mitxelenan prestatu duen karpan.
Hibaikarekin bat bihar
Hibaikako emakumeen trainerak joanden asteburuko estropadan izandako emaitza eta denboraldi osoan izandako lorpenak aipatu dituzte Landare elkarteko kideek bestalde. Bihar Kontxako Bandera lortzeko lehian ariko dira Hibaikako arraunlariak eta haiek animatzeko eta estropadak zuzen zuzenean jarraitzeko 80 pulgadako telebista jarri dute karpan bertan. Arratsalde eta gauean izan da zabalik hiru egun hauetan karpa, baina bihar 11:00etan zabalik izango da herriko emakumeen traineruaren lana jarraitzeko. Horren harira bertan bazkaltzeko aukera izango da lehen urtez, Elberdinek nabarmendu duenez, “ez dakigu zein erantzun mota jasoko dugun lehen urtea delako bazkariak emango ditugula”. Ziur hamaika izango direla Hibaikakoak garagardoa eta jatekoarekin batera animatzen dituztenak Koldo Mitxelena plazatik.