
Amunarriz Donostiako kaiko arrapalan, atzoko entrenamenduaren hasieran
Geroz eta gutxiago geratzen da igande eguerdirako, 2013ko Kontxako estropadaren bigarren jardunaldirako. Atzo, asteazkenarekin, Donostiako uretan lehiatuko diren hamabi ontziak estropada eremuan entrenatzen ikusteko aukera izan zen, gizonen mailako zortziak eta emakumeen lau traineruak. Eta horien artean Ama Guadalupekoa zegoen, bandera preziatuena irabazteko aukera asko dituen ontzia.
Ioseba Amunarriz patroiak HITZAri aitortu zionez, Liga irabazteko aukerarik ez zutela ikusita denboraldi hasieran aurreikusitako prestakuntza moldatu eta Kontxarako sasoi betean iristeko saiakera egin dute, baita lortu ere.
Astia izan duzue igandeko estropada hotzean aztertzeko, zer egin zenuten ongi eta zer gaizki ikusteko. Kanpotik, urteko estropada onenetakoa eman zuen. Zuek ere barrutik horrela ikusi zenuten?
Bai, izan daiteke estropadarik garrantzitsuena eta hoberena egin duguna. Ematen du ontziak maila bat hartu duela eta horri jarraipena eman behar zaio hurrengo iganderako.
Ligan ondo ibili zarete, baina iaz baino koska bat behera. Baina Kontxara sasoi betean iritsi zaretela dirudi.
Bai, igual egiten duzu Liga pixka bat hipotekatu sasoiko egoteko Kontxan. Ligan estropada batzuetan huts egin dugu, hasieran oso kaxkar edo zorte txarra izan genuen eta kostatu zitzaigun hastea. Ligan irabazteko edo aurrean gehiago ibiltzeko aukerarik ez genuela ikusita, Kontxa preparatu dugu eta ematen du ondo iristen ari garela.
Aldeak txikiak dira eta Donostian edozer gerta liteke. Zein kale, nolako itsasoa eta nolako arraunketa behar du Ama Guadalupekoak aurtengo Kontxa herrira eramateko?
Aurrena guk gurea egin, gure egunekoa eta gure arraunketa eman, beste eguneko arraunketarekin eta txispa horrekin. Gero kalea… haizearen arabera, saiatu kale on bat edukitzen eta kale on bat edukitzen badugu bai izango da aukera asko Hondarribira berriz bandera joateko.
Bi ontziren gauza izango da edo hautagai gehiago daude?
Lauak, lau hautagaiak, ez dut bat ere ez kanpoan uzten. Kaikuk urte honetan demostratu du ekipo ona daukala eta kapaz dela gainditzeko eta Oriok ere hor ibili dela erakutsi du. Niretzako lauak gaude bandera irabazteko, zeinek ondo egin, eramango du bandera etxera.
Herriko festetako jai handian da aurten Kontxako azken jardunaldia eta jendeak estropadaren eta alardearen artean aukeratu beharko du. Pena.
Bueno, bakoitzak jakingo du zer nahi duen egin. Hemen urte guztia daramagu honen zain, trainerua ahalik eta azkarren eramateko, eta ematen du orain ari garela. Guk gure lana egingo dugu eta neguan izango dugu jai egiteko aukera, baina orain aprobetxatu behar dugu.
Ospatzeko egun polita litzateke igandea, bandera irabaziz gero.
Hori bai izango zela izugarria, herrian poza handia eta guretzat Kontxako bandera irabazten dugun eguna irailaren zortzia izatea.