'Hondarribian ondo pasa, baina ez pasa' kanpainako kamisetak banatzen ari da udala
Gauza asko daude herriko jaietan, arrazoi asko ondo pasatzeko, baina aukera dezente ere muga pasatzeko. Horregatik, Hondarribiko Udaleko Gazteria Departamentuko Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak Hondarribian ondo pasa, baina ez pasa goiburuko kanpaina ezaguna berreskuratuko du jaietan zortzigarren urtez jarraian.
12 eta 25 urte bitarteko gazteei Kanpainaren mezua duten kamisetak banatzen ari zaizkie egunero, 09:00etatik 13:30era, zerbitzuko buegoetan (Harresilanda kalea, 3), baina gutxieneko inplikazioa eskatuko diete interesatuei. “Udalak kamiseta musutruk ematen die gazteei, baldintza bakarra nor bere kamisetaren bila etortzea. Horrela, gazteenek zerbitzua non dagoen ikasten dute eta bide batez, askotan erakundetara hurbiltzeko duten lotsa gainditzen dute”, azaldu dute zerbitzutik.
Jaietan, San Marko egunean bezala, indar berezia jartzen du gazteriako udal departamentuak, baina Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzutik nabarmendu dutenez, “prebentzioa urte osoan egiten da Hondarribian”. Horregatik, jaietan flyerrak ikusteko aukera izango da eta horixe izango da leloa, hots, prebentzioa ez dela udako kontua soilik, urte osokoa baizik. Flyerrean, zerbitzuarekin kontaktuan jartzeko modu desberdinak ageri dira, fisikoak zein birtualak: helbidea, telefonoa eta Interneteko guneak.