Ostiral arratsalderako Bikingo Marea iragarrita dago Bidasoaren itsasoratzean, 15:30ean Kai Zaharretik abiatuta. Herritarrak ez ditu ezustean harrapatuko ez baita lehena, baina antolatzaileek iazko parte hartzaile kopurua bikoiztea espero dute eta neurri asko hartuko dituzte dena behar bezala joan dadin. Lehen aldiz jaietako udal programan lekua du Bikingo Mareak eta ekimenaren antolatzaile den Hondarribiko Gazte Asanbladako Xabi Bengoetxearen ustez “gauzak txukunago” egiteko balioko die horrek.
“Piratak ditugu eredu bezala eta asko laguntzen digute”
Xabier Bengoetxea, Hondarribiko Gazte Asanbladako kidea
Joan den larunbatean Gazte Eguna antolatu zenuten eta, atsedenerako astirik ez eta jaiei heldu diezue. Ez duzue gainera lan gutxi izango, ez behintzat iazko Bikingo Marearen antolakuntza ikusita. Nola daramazue?
Aurten lehenengo aldiz udalarekin bat egingo dugu. Aurreko urteetan ere eskaini ziguten hori, baina guretzat goizegi zela uste genuen. Aurten baietz erabaki dugu eta horrek beste lan batzuk ekarri dizkigu, nolabait esateko burokraziaren espiralean sartu garelako. Baina horrek ekarri digu ere Donostiako piratekin dugun harremana sendotzea, haiek baititugu eredu bezala eta asko laguntzen digutelako. Aldez aurretik gauzak antolatzeko lagundu digute, segurtasun plana dela, materiala dela, azalpenak direla, gauzak jasotzeko antolamendua dela… Gauzak txukunago eta seguruago egiteko balioko digu.
Zenbat ontzi izan ziren iaz eta zenbat espero dituzue?
Partehartzea esponentzialki handitzen joaten da, eta hori piratekin ikusi izan dugu. Guk ere aniztasuna bilatzen dugu, adin eta molde guztietako jendea nahi dugu Bikingo Marean, herrian harremanetan jarri nahi duen jendea. Iaz hamabost baltsa izan ziren, ehun lagun inguru eta aurten dagoeneko horiek izena eman dute [hilaren 3rako]. Topea hirurehun pertsonetan jarri dugu eta berrehun baino gehiago izango garela uste dut. Piratek utzi dizkiguten poltsa zuriak dagoeneko bukatu zaizkigu eta gehiago erosi beharko ditugu.
Poltsa horiek pneumatiko beltzen ordez erabitzen dituzue, kutsatzen ez dutelako. Urtero ingurumena zaintzeko neurri zorrotzak hartzen dituzue. Aisia ulertzeko zuen filosofiarekin dator bat hori...
Bai eta berezitasun bat du Bikingo Mareak eta hori da itsasoan egiten dela, ez lurrean, eta zailagoa da itsasoa ez zikintzea, zailagoa da jasotzea. Itsasoan erortzen direnak piraguaz jasotzen ibiltzen gara eta behin lurrera iritsita, iniziatiba propioz eta piraten eredua jarraituz ere, dena birziklatzen saiatzen gara. Egur asko pilatzen da eta hori berrerabiltzea erraza da eta bestetik poltsak daude, fuelaren zikloan sorturiko pneumatiko beltzak ez bezala, ingurumena kaltetzen ez dutenak.
Bikingo Marean parte hartzeko edota informazio gehiagorako bisitatu
Hondarribiko Gazte Asanbladaren bloga.