Uztailean Arma Plaza Fundazioak crowfunding kanpaina abiatu zuen Sagarrondoko Ama Birjinaren Eliza Nagusiko kanpaian konpontzeko dirua biltzeko. Parrokiko kanpai-multzoa egoera txarrean dago eta konponketa lanak egiteko behar den dirua herritarren ekarpenekin lortu nahi zuen fundazioak.
Kanpai multzo osoa berritu nahi dute
Hasiera batean abuztuaren 30a arte egin nahi zuten diru bilketa baina epe hori urriaren 19ra arte luzatzea erabaki dute, Miren Aierbe Arma Plaza Fundazioaren koordinazioaren arduradunak azaldu duenez: “Epea abuztuaren 30ean amaitu zen, baina erabaki dugu urriaren 19a arte zabaltzea. Egindako kudeaketei esker enpresa pribatu eta herritarren ekarpenak lortu ditugu. Haien laguntzei esker hirugarren kanpaia ez ezik 4. kanpaia ere konponduko dugu. Proiektu mota berezi hau Hondarribiko ondarearen osagai bati aplikatu zaio, eta martxa ona darama. Parrokiako kanpai guztiak konpondu nahi genituzke”.
Kanpai-multzoa berritzeko aurrekontua 44.298 eurokoa da, baina hasierako asmoa hirugarren kanpaia konpontzeko dirua biltea zen, hori baita kanpaijolearen arabera behar gehien duena. Hirugarren kanpaiaren konponketak 8.106 euroko kostua izango luke.