Atzo lehen entsegua egin zuen Jaizkibelek. Irudian, Jeneral Leiba kalean.
Hondarribiko alardeko Jaizkibel konpainia parekideak komunikabideak deitu zituen atzo arratsalderako, aurten egingo dituen hiru entseguetako lehena abiatu aurretik. Bertan, Hondarribiko Alkate Aitor Kerejetak egunkari batean egindako adierazpenak salatu eta bi hamarkadetako aldarrikapenak berretsi zituen Izaskun Larruskain konpainiako kapitainak: “Amets bat dugu, Hondarribiko gizon eta emakumeok berdintasunean biziko dugula alardea, baldintza beretan igoko garela Kale Nagusitik. Aurtengoan urtetan amets horren alde egin ondoren, itxaropen hori dugu, irailaren 8a festa giroan eta elkarrekiko errespetuan igaroko dugula”.
Hogei urte beteko dira aurten emakume talde batek Hondarribiko alardean lehen aldiz desfilatzeko baimena eskatu zuenetik eta, azken urtetan ez bezala, mugimenduak izan dira azken hilabeteetan, konponbiderako ezpada, elkarbizitzan aurrerapausoak emateko bederen. Mugimendu horiek herrian izan dira, bi aldeekin, eta goi mailako bitartekaritza lanak ere izan dira, Urkullu Lehendakariak ekainean Eusko Legebiltzarrean aurreratu zuenez.
San Pedro kalean entseatzen, atzo
Mugimenduak hori izan dira, mugimendu, baina momentuz, ez dute balio izan ezertarako, eta hilaren 8an berriro iazko irudiak ikusiko direla dirudi: plastiko beltzak Kale Nagusian eta pankarta bat Jaizkibel konpainiaren ibilbidea irekitzen, alardean desfilatzeko aukera ez dutelako.
Helburua, “festa bizitzea”
Atzoko agerraldian Jaizkibeleko kideek argi utzi zuten ate guztiak irekita dituztela eta kexu agertu ziren Aitor Kerejeta alkateak negoziazio bidea itxita dagoela adierazi izan duelako. Gainera, alarde tradizionalaren aldeko eta konpainia parekidearen kontrako adierazpenak egin ditu Kerejetak eta hori, “baretzen ari ziren uretan olatuak” sortzeko balio izan duela uste dute. Nolanahi ere, konponbiderako deia luzatu zuen Larruskainek: “Guk, hondarribiar gehienok bezala, bakea nahi dugu, ez liskarra, festa bizi nahi dugu, ez dugu beste helbururik. Konponbidea bilatzen dugu”.
Hala, hilaren 8an “festa giroan” desfilatuko dutela adierazi zuten, baina iaz eman ziren gertaerak errepikatzea onartuko ez dutela gehitu zuten. Igandearen aurretik beste bilerarik egingo dutenik ez du uste Garikoitz Lekuona Jaizkibeleko kideak. “Alkateak argi utzi du berak ate hori itxi duela. Ez dakigu alderdi politikoek bilerarik egingo ote duten, gu ez baikara alderdi bat, konpainia bat baizik”.