Dozenaka lagun elkartu ziren kanposantuan Bergaminen omenaldirako
Joan den larunbatean Jose Bergamin zenari omenaldia egin zioten Hondarribiko kanposantuan. Duela 30 urte hil zen 27ko belaunaldiko kide izandako idazle madrildarra eta Hondarribian dago lurperatuta, berak hala eskatu baitzuen, ez zuelako Espainiako lurrean atseden hartu nahi. Omenaldian 60 pertsona inguru elkartu ziren, poetaren lagunak eta ezker abertzaleko kideak, besteak beste. Ibai Labaien Bilduko zinegotziak hitz egin zuen haien izenean eta Miguel Castells abokatuak ere hartu zuen hitza. Bergaminen laguna izan zen Castells eta idazleak Euskal Herriarekin zuen konpromisoa nabarmendu zuen.
Ekitaldia amaitzeko Alfonso Sastrek olerki bat irakurri zuen, Bergamin hil zela jakitean bere lagunari idatzitakoa.
Errepublikaren zalea zen Bergamin eta Euskal Herriarekin lotura handia izan zuen. 1979. urtean honakoa esan zuen Errepublikaren aldeko mitin batean: “Gure Errepublika (…) errebelatzen hasi da garbi asko Euskadin, horregatik garrasi bat egin nahi nuke (nire isiltasunarekin botatzen dudan garrasia, nire ahotsarekin baino): Biba Euskadi! Biba Errepublika!”. Bere bizitzako azken urteetan Herri Batasunaren ekitaldietan parte hartu izan zuen eta Euskal Herrira bizitzera etortzea erabaki zuen, bertan hiltzeko. Donostian eman zituen bizitzako azken hamabi hilabeteak baina betirako atseden hartzeko Hondarribia aukeratu zuen.
Sasetaren ondoan
Poetaren hilarria kanposantuan
Hondarribiko kanposantuan beste gizon konprometitu baten gorpuaren ondoan dago Bergaminena ehortzita, Kandido Sasetaren ondoan. Euzko Gudarosteko komandante izandakoaren gorpuzkinak Kantabrian aurkitu eta handik Euskal Herriratu zituztenean Bergaminen ondoan lurperatzea erabaki zuten. 2008ko apiriletik parez pare daude Bergaminen eta Sasetaren oroigarriak.
Bitxikeria bat ere bada Bergaminen hilarriari lotutakoa. Izan ere, hasiera batean kanposantuko beste leku batean zegoen ehortzita baina, urte batzuk pasata bere gorpuzkinak inork erreklamatu ez zituenez, hobi komunera bideratzeko zorian egon ziren. Udal enterradorea horretaz ohartuta, herritar talde batekin harremanetan jarri zen, eta hauek, hilarria eskatu eta egon dagoen lekuan ehortzi zuten Bergaminen gorpua. Nonbait, harria eskatzerako orduan norbait nahaspilatu zen eta idazlea 1983ko irailaren 28an hil zela ageri da idatzita, hilabete lehenago hil zen arren, abuztuaren 28an.