Garagardoa ohiko edaria izaten da aisia garaian, baina laster modu berezian egingo dute Errenteria-Oreretan. Landare elkarteak beste urte batez, Garagardo Festa antolatu du, eta mundu osoko hamalau garagardo probatzeko aukera izango da etzi hasi eta igandera bitartean, Koldo Mitxelena plazan.
Aurten etxeko garagardoa probatzeko aukera izango da lehen aldiz: Olañeta. Errenteria-Oreretan bertan egiten dute garagardo hori. Horia eta txigortua eskainiko dute. Beste garagardo mota bat ere, ingelesa, estreinakoz ekarriko dute herrira. Zehazki, Manchester Blue Lager eta Manchester Red Ale izango dira.
Gainontzekoak, aurreko urteetan ekarritakoak izango dira, eta ohi denez, garagardoarekin lotutako janaria dastatu ahal izango da: ukondoa, saltxitxak, oilaskoa… Mila lagunentzako mahaiak eta aulkiak izango dira.
Afarien zozketa HITZA-n
Gainera, HITZA-k bi harpidedunentzako bina afari zozkatuko ditu. Parte hartzeko, webgunean bertan edo 943 34 03 30 telefono zenbakira deituta egin ahal izango da.
Kontxako bandera
Jarraipen berezia ere egingo diote Kontxako banderari Garagardo Festan. Izan ere, Hibaikak bigarren egin zuen joan den igandean, eta ahalik eta lanik txukunena egiten saiatuko dira. Zaleek bandera edo igandeko jardunaldia irabazteko animatuko dituzte. Garagardo Festan, beraz, pantaila erraldoia jarriko dute neskek zer lan egiten duten ikusi eta animatzeko. Landareko zuzendaritzak zoriondu egin ditu egindako lanarengatik, “ez sailkatzearengatik bakarrik, baita egindako denboraldiarengatik ere”.
Hain zuzen, igandean inoiz baino lehenago irekiko dute azoka: 11:00etan. Bazkaltzen ere emango dute arratsaldera arte.
Gainontzeko egunetako ordutegia 18:00etatik 12:00etara izango da.
Halaber, Landarek eskerrak eman dizkie azokan parte hartuko dute 250 boluntarioei.
Garagardoak
- Belgika: Leffe txigortua, horia eta beltza eta Hoegaarden.
- Galizia: Estrella Galizia 0,,0 eta 1906 erreserba berezia.
- Txekia: Budejovicky Budvar horia eta beltza.
- Alemania: Jacobinus Classic eta Einsiedler Weissbier.
- Ingalaterra: Manchester Blue Lager eta Manchester Red Ale horia eta txigortua.
- Euskal Herria (Errenteria-Orereta): Olañeta horia eta txigortua.