Pasaiako Udaleko langileak edukiontziak kentzen
Gaur hasiko da Donibanen atez ateko hondakinen bilketa. Ontzi arinak jasoko dituzte, astelehena izaki.
Arratsaldeko zortzietatik aurrera utz ditzakete ontzi arinak poltsa horietan. 05:00etatik 08:00etara jasoko dituzte. Bihar papera eta errefusaren txanda izango da, eta organikoarena etzi. Materiala jaso ez dutenek aukera izango dute oraindik.
Ekitaldi bat egin du udalak gaur eguerdian edukiontziak modu sinbolikoan kentzeko asmoz. Amaia Agirregabiria alkateak gogorarazi du Pasaiako Udalbatzak %70eko birziklatze tasa bermatuko zuen sistema abiaraztea adostu zuela. “Zailtasunak izango zituela bagenekien, geografikoki”, esan du alkateak, “eta horregatik hasi gara guretzako errazena dirudienetik, Donibanetik”. Gaineratu duenez, “asko dute ikasteko” zero zabor politikatik. Esker oneko hitzak izan ditu bai herritarrentzat baita udaleko langileentzat ere, suposatzen duen aldaketa dela eta. Gogorarazi du euroa ezarri zenean “mezu apokaliptikoak” entzuten zirela, “baina gaur egun, gaindituta dago”.
Bere iritziz, sanjuandarrek “fin egingo dute lan, eta gainontzeko barrutietako herritarrentzako eredu izango dira”. Sistema berriarekin “pozik” dagoela esan du Agirregabiriak, “gure ondorengoei herri garbiago, jasangarriago eta osasuntsuagoa utziko diegulako”.
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatua ere eguerdiko ekitaldian izan da. Pasaiako Udala zoriondu nahi izan du, hartu duen erabaki “ausartarengatik”. Gipuzkoan atez atekoa ezarri duen hemezortzigarren udalerria dela gogorarazi du. “Orain dela urte hasi zen Gipuzkoan, eta etorkizuna markatuko duen sistema da”. Herri horietan gaikako bilketa %80koa dela esan du, bataz beste. Gipuzkoa osoan 2016rako %60 birziklatze tasara iristea helburua dela esan du Errazkinek.
Gainerako barrutietan aurten jarriko dutela esan du alkateak, baina lehenago azterketa teknikoak eta gainerakoak egin behar direla.
Zero Zaborrek ere ospatuko du
Pasaia Zero Zabor elkarteak ere bilketa sistema berriaren etorrera ospatuko du. Horrela, sistemaren gaineko informazioa duen erakusketa ibiltaria egingo dute. Gainera, 18:00etatik aurrera,
Pirata Garrapataren Abenturak antzezlana ikusteko aukera izango dute haurrek. Horren ondoren, Santiago plazan,
Atez ate, ahoz aho bertso saioa egingo dute. Musikak girotutako afari meriendarekin itxiko dituzte ekitaldiak, 20:00etan. Pasaia Zero Zaborrek sanjuandar guztiak gonbidatu ditu bertara.