Mugak
Pasa den aste guztia udalekutan pasatu dut. Lan gogorra bezain emankorra den hau, oso baliagarria gertatu zait nire baitan hausnarketa batzuk egiteko.
Denbora horretan gu gara gazte horien arduradun, beraien ongizatea gure ardura da. Konturatu nintzen zein garrantzitsuak diren mugak. Aldi berean, garrantzitsuak bezain zailak dira jartzen. Izan ere, muga bat jartzen nuen momentuan, gazte horrekiko nuen harremana galtzeko edo bere errekonozimendua galtzeko beldurra sentitzen nuen. Hala ere, nire zeregina zein zen argi nuenez, nire beldurrari aurre egiten ahalegindu naiz. Azken batean, adibide hau edozein egoeratara estrapola daiteke. Orain ulertzen dut guztiok entzun izan dugun esaldi hori: orain ez duzu ulertzen, baina egunen batean eskertuko didazu… Bada bai, une honetan inoiz baino argiago ulertzera iritsi naiz.
Azken batean, aurrean duguna zaintzeko dagoen modurik onena baita muga bat jartzea. Autoeskolako klaseetan bezalaxe, oraindik autoa gidatzeko nahiko esperientzia ez dugunean, akats larriak egiten ditugu, eta eskerrak une horietan gure irakasleak kopilotuan dituen mandoetatik gure kotxea gelditzeko gauza den. Laburbildurik, hori da niretzako beste norbaiten arduradun izatea. Besteak frenatu behar duela ez dakienean, zuk bere partez frenatzea.
Irakasle gabiltzanok ederki antzematen dugu ume bat ohitua, edo hobe esanda entrenatua dagoen, muga bat onartu eta errespetatzera. Ume batek ohiturarik ez duenean muga bat onartzera, aldiro bilatzen du muga hori. Muga hori ezartzen ez bazaio noraezean dagoelako, hobe esanda, babesik gabe sentitzen da.
Nik nire kasutik argi esaten dut muga bat ondo jartzen jakiteko, lehenik, muga bat onartzen jakin behar dela. Ni oso orgullosoa naiz, eta asko kostatzen zait halakoren bat onartzea. Baina konturatu izan naiz nire bizitzan mugak jarri dizkidaten pertsonak izan direla hobekien zaindu nautenak. Hori dela eta, gaur egun muga bat jartzen didatenean, nahiz eta ez hala sentitu, orgullua dela eta, lehenengo gauza egiten saiatzen naizena eskerrak ematea da.