Andereñoak
Unibertsitateko irakasle batekin izan dut bilera, unibertsitatean bertan, gaur, uztailak 22. Lekua eta data azpimarratzen ditut kuriosoa egin zaidalako, sinestezina ez esatearren, irakasle batek udaran lan egiten duela pentsatzea. «Ez al dituzue ba irakasleek hiru hilabeteko opor luzeak?», izan da galdetu diodan lehenengo gauza. Barre egin du, makina bat aldiz entzun duen topikoa denaren seinale. «Hilabete edo hilabete eta erdi ditugu guk oporrak», esan du azkenean. Lehenengo eta bigarren hezkuntzako, hau da, eskola eta institutuko irakasleen kasua soilik izango dela pentsatu dut orduan. Ez, ez, horiek ere ez dute askorik deskantsatzen, gero konturatu naiz 24 ordu lan egiten dutela horiek ere, batez ere andereñoek. Burura etorri zaidan anekdota batengatik diot hori. Berehala ulertuko duzue.
Oso ingurukoa den andereño baten istorioa da hurrengoa, anonimatuan utziko duguna, Melendiren kontzertuan gertatu baitzen azaltzera noana, eta, beraz, diskrezio puntu bat eskatzen du narrazioak. Beno, imajinatzen duzue orduan egoera, kontzertua nerabez josia, hormona guztiak dantzan Melendiren erritmora, eta nahasmendu horren barruan 24 ordu lan egiten duen andereño horietako bat, besteak beste.
Bat-batean hara non ikusten duen, gure infiltratuak, deigarria egiten zaion egoera bat —bereziki deigarria esan nahi dut, ze atentzioa deitzen duten mila gauza egon daitezke nerabez jositako kontzertu batean—. Lau lagunengan jarri du arreta, bi neska eta bi mutil, bi bikote. Bikoteetako bat musuka, mukiak janaz, desioz itoak; «zuek ez al duzue etxerik» galdetzeko moduko espektakulu horietakoa emanaz. Bigarren bikotea, aldiz, urrun dago elkarrenganako pasio itsutik. Kasu honetan, mutilak bakarrik erakusten du zirrietarako interesa, neska leku guztietatik ukituz eta musu emanaz. Azken honek ez du modu berean erantzuten, agerikoa da gustura ez dagoela, baina ez dio desatsegina egiten ari zaion egoerari amaierarik jartzen. Mutilak ere ez, ez baita ohartzen neskak ez duela ukitzetik nahi, ematen duten musuek ez dutela erantzunik eta neskak ez duela bera ukitzen. Ez da konturatzen edo ez du konturatu nahi, begi-bistakoa baita. Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dagoela esan ohi da, ezta?
Eta hara non, 24 ordu lan egiten duen andereñoak, zerbait egitea erabakitzen duen: neskari, keinu bidez, beregana hurbiltzeko eskatzen dio. Neskak, harrituta —nola bestela—, ez du hasiera batean ulertzen berari zuzentzen zaiola. Azkenik, gaztea, zalantzati, lotsatuta, sinetsi ezinik, emakumearengana hurbiltzen da. Melendiren jarraitzailez mozorrotutako andereñoak ikusi berri duenaz hitz egiten dio neskatxari. Esaten dio nabarmena dela berak ez duela mutil harekiko inongo interesik eta ez duela zergatik jasan behar gustuko ez duen norbaitek modu nazkagarri horretan ukitzea. «Ez da hori….», esaten du neskak, «bai, nahi dut, baina…», «ez, ez duzu nahi!», «bai, bai nahi dut baina…» dira neskatilaren hitz lotsatuak. «Beno, horrela bada, eta zuk nahi baldin baduzu ondo da… baina ez baduzu nahi esaiozu ezetz, ez duzu zergatik horrelako zerbait jasan behar… Eta orain, lagunengana bueltatu eta zer nahi nuen galdetzen dizutenean esaiezu beste pertsona batekin nahastu zaitudala eta ezagutzen zintudala pentsatzen nuela…». Ez zaizue iruditzen andereño batek soilik egin dezakeen zerbait dela?
Andereño hitza erabiltzen dut, hitzak berak atxikita daramatzan ñabardurekin jolastea erraza suertatzen delako, baina bihotz-bihotzetik egiten dudala argitu beharra daukat, eta aitortuko dizuet duela urte batzuk lotsatuko ninduen anekdota hau, txalotzekoa iruditzen zaidala egun.
Sanferminetako jarrera sexisten aurkako salaketak pil-pilean dauden honetan, istorio txiki hau horrelako egoeren aurrean hartu beharko genukeen jarreraren adibide eredugarria dela iruditzen zait. Etxean, kalean, eskolan zein Melendiren kontzertuan.
Artikulu hau, hortaz, 24 orduz lan egiten duten andereño guzti horiei eta, bereziki, nire andereño anonimoari.