Oiartzunek ezin izan du Euskal Herriko Herriarteko txapelketa irabazi
Iruñearen aurka jokatutako hiru partidak galdu dituzte Zierbenako (Bizkaia) pilotalekuan.
Mirari Martiarena / Oiartzun Irratia
Zita garrantzitsua zen Oiartzunentzat Zierbenako pilotalekuan Santio egunez. Euskal Herriko Herriarteko eskuzko finalera lehen aldiz iritsi dira oiartzuarrak Gipuzkoako txapeldun izan ondotik. Iruñeko Oberena taldearen aurka jokatu dute eta ezin izan dute txapela Oiartzuna ekarri. Jokatutako hiru partidak galdu dituzte.
Kadete mailan Zigor Salaberria eta Ekain Etxebestek 2-22 galdu dute Jabier Okiñena eta Josu Iruritaren iruindarren aurka. Oberena taldekoek Etxebeste nekatzera jokatu dute eta erraz hartu dituzte mendean oiartzuarrak. Ezin izan diote eutsi partiduaren erritmoari.
Bigarren partidan jubenilak jokatu dute. Andoni Ugalde eta Aitzol Arzallus oiartzuarrek Aritz Jamar eta Xabier Andueza izan dituzte aurrez aurre. Partida parekatua jokatu dute, emozioz betea. Partidaren erdira arte Ugalde eta Arzallus aurretik izan dira. Iruindarrek Ugalde jokoz kanpo utzi nahi zuten, aurrean sartuz gero min haundia egiten baitzien oiartzuarraren tantoa bukatzeko erraztasunak. 16-na arte partidua oso berdindua izan da eta hortxe hautsi da partidua. Oiartzuarren akats pare batek aurreratu ditu markagailuan nafarrak eta 18-22 bukatu da partidua.
Bigarren partida bukatuta jakina zen Iruña zela txapeldun eta azken partidak emozio gutxi izan du. Mikel Martinez eta Ander Imaz oiartzuarrek Iñigo Diaz eta Iñigo Etxamendiren aurka jokatu dute. Oiartzuarrak ongi hasi diren arren ez dute hasierako erritmoa mantendu eta 9-22 galdu dute.
Juan Joxe Esnaolak ez du oiartzuarrekin egoterik izan lana medio eta Anjel Ezponda aritu da entrenaltzaile gisa. Oiartzundik autobusez eta kotxez jende asko bertaratu da herriko pilotari gazteak animatzera.