Antton Basurko atleta beteranoaren eskuak arduratu ziren atzo, 20:00etan, Donibaneko Santio Jaiei hasiera emateaz. Eguraldi aproposa, giro aparta kalean, festarako gogoa… Elementu horiekin hasi ziren Pasaiako barrutiko jai luzeak, eta hala jarraituko dute datozen egunetan, San Inazio Egunera arte. Baina txupinazoaren aurretik, eta ondoren, izan zuten zertaz gozatu sanjuandarrek.
Izan ere, Meipin bat egin zuten arratsaldean, uen batez, haurrentzako buruhandiek eta gazteen mozorro desfileak. Nahasketa bitxia izan zen, baina lehenik haur korrikalariak joan ziren plazaraino, eta ondoren gazteak, musika eta guzti. Behin denak plazan egonda, Basurkok ohorez hasi zituen festak, eta ikurrina udaletxe zaharreko mastaren gorenean jarri zuten. Hasi ziren festak.
Gazteek afaria egin zuten Bonantzan, eta dantzaldiaz gozatzeko aukera izan zuten ere sanjuandarrek. Gaurko Santio Egunak, Santa Anari, San Pantaleoni eta San Inaziori utziko diote tartea datozen egunetan. Santuz jositako festa baita Donibanekoa.
Gaurko egitaraua
- 08:00etan: Sokamuturra Donibane kalean zehar eta Santiago plazan.
- 09:00etan: Diana txistulariekin herrian zehar.
- 10:00etan: Usakume-tiroa Gaztelutxoko zelaian.
- 10:30ean: XXVII. Gaztelutxoko bizikleta igoera, Vicente Carballaresen omenez. Kaskoa janztea derrigorrezkoa da.
- 12:00etan: Toka txapelketa plazan.
- 12:30ean: Kantujira Meipitik hasita herrian zehar.
- 14:30ean: Paella jana herrikoia plazan. Txartelak salgai herriko tabernetan.
- 17:30ean: Mus txapelketa herrikoia Bonantzan.
- 18:30ean: XXIV. Gazteen dantza sueltoko txapelketa, Itsas Mendi txistu taldeak antolatuta.
- 20:00etatik 21:30era: herri kirol jaialdia plazan, Manolo Cañamares eta Fausto Mugerzarekin.