Atzoko plenoa
Euskal presoen eskubideen aldeko mozioa onartu zuen atzo Udalbatzak ikasturteko azkeneko plenoan. Mozioak urtarrilaren 12ko manifestazio “jendetsuari” egiten dio erreferentzia eta bide horretatik gehiengo sozialak euskal presoen eskubideen aldeko konpromisoak eskatzen dituela.Aiora Perez de San Roman alkateak adierazi zuenez, “presoek egoera kaxkarrean jarraitzen dute, oinarrizko eskubideak urratuak dituzte”. Ia 600 euskal preso daudela gogorarazi zuen eta horietatik hiru oiartzuarrak direla. Udalbatzak hainbat konpromiso hartu zituen gai honekiko; hala nola, euskal presoei eta senideei sostengua ematea, udaletxeko balkoiko pankarta bertan jarraitzea, Oiartzungo Herri Bilgunearen
1200+tarterik ez dinamika bultzatu eta jasotako sinadurak Espainiako eta Frantziako agintariei zein Arartekoari jakinarazi eta herriko senideekin harremanak estutu.
Alkateak herritarrek mozioarekin bat egin dezaten animatu nahi ditu eta estatuei erantzukizuna eskatu die.
Horrez gain, Ibargain Musika Eskolari 2013-2014 ikasturteko iraila, urria eta arazoa hilabeteetako bekak aurreratzeko eskaera onartu zuen. Hala, 29.943,75 euro aurreratuko ditu udalak. Xanistebanetako jai egitaraua zein aurrekontua onartu zuen, 86.900 euroko aurrekontua dute aurtengo jaiek. Horri lotuta, heldu den urtean abuztuaren 4a jai eguna izatea onartu zuten aho batez; izan ere, hurrengo urtean abuztuaren 3a, Xanisteban eguna, igandea da. Erabaki horren berri Eusko Jaurlaritzari emango diote.
Uztaileko protokolo gastua 190,56 eurokoa izan dela jakinarazi zuten, bidaietan.