Nabarra Boua plazako aparkalekua zabaltzeko prozedura hasiko du udalak
Nabarra Boua plazako aparkalekuak udazkenerako bizilagunei zabaltzeko asmoa azaldu du udalak, eta horren harira proposamena helarazi diela gainontzeko talde politikoei jakinarazi du Bilduk.
Aparkalekuak dituen 197 plazak urtebetez eta berritzeko aukerarekin emakidan ematea aurreikusi du udalak. Izena emateko epea berriz, abuztuko lehen egunetan zabaldu eta irailaren 10ean bukatuko litzatekeela jakinarazi du halaber.
Lehentasuna San Pedroko bizilagunek
Udal Gobernuaren proposamenaren arabera, lehentasuna izango lukete aparkaleku plaza eskuratzeko San Pedroko bizilagunek eta merkatariek, ondoren Pasaitar orok eta azkenik Pasaiatik kanpoko edonork. Tarifak ere ezberdinak izango direla zehaztu dute eta Bilduren proposamenaren arabera, aparkalekuak kanon bidez finantzatuko lirateke. Horrela, pasaitarrek 54 eta 70 euro artean ordainduko dute, autoak dituen zaldi fiskalen arabera; merkatariek 80 euro ordaindu beharko dituzte eta Pasaiatik kanpokoak, berriz, 94 eta 100 euro artean.
Aparkalekuetarako sarrera ahalbidetuko duen txartela eskuratzeko fidantza ordaindu beharko dutela erabiltzaileek zehaztu dute udaletik, “erabiltzaile izateari utzi eta txartela bueltatzerakoan itzuliko zaio fidantza”.