Herriko haurrak Madalen karriko festa noiz iritsi zain egoten dira
Atzo izan zen Madalen Eguna eta, ohiturari jarraituz, izen bereko karrikako festa ospatu zuten Hondarribian. Ez dira asko herrian iraun duten festa txikiak, auzo gehienek galdu edo zeharo laburtuta ikusi baitituzte euren jaiak. Baina Madalen karrikak eutsi dio bereari eta, urtetik urtera ikusitakoaren arabera, ibilbide luzea geratzen zaio.
Herri osotik dozenaka, berrehun haur inguruk parte hartu dute aurten Madaleneko gazteek antolatutako jolasetan. Betiko jolasak prestatu zituzten, eta betiko arrakasta lortu zuten.
Madalen karrikan jaioa eta bertan bizi izan da egun 30 urte dituen Oihana Mendizabal Amunarriz. Herriko beste auzo batean bizi da ja, baina familia bertan du eta karrikako festak antolatzen laguntzeari ez dio nerabe denetik utzi. Hondarribiko auzoetako jai gehienak desagertuta daudenean, txikienetako batek, Madalen karrikakoak, eutsi dio eta urtetik urtera indartzen da, gainontzeko auzoetako haurrak uztailaren 22a noiz iritsi zain daudelako. Mendizabalen ustez, auzotarren gogoagatik mantendu da jaia: “Gehienbat gogoagatik, txikientzat oso egun polita da eta hori mantentzeko gogoak, eta auzoko guztiek laguntzeak, horrek mantendu arazi du jaia”.
Auzoko guztien laguntza
Hogei bat gazte eta gaztetxo ari ziren dozenaka haurrentzat joko eta jolasak prestatzen eta, bitartean, auzoko emakume nagusiak haientzako guztientzako txokolatada prestatzen ari ziren. Ez da Madalen eta Santiago karriketan inor jaia antolatzeko laguntza eskaini ez duenik. “Denbora asko behar da, dirua lortu, opariak erosi, dena prestatu, detaile txikienak ere… Orain auzoko amonak ari dira laurogei urterekin txokolatea prestatzen, goiz goizetik egon dira laguntzen, jatetxeek pila bat laguntzen digute, dendek, tabernek, okindegiek, udalak… Denek laguntzen digute, eta ez bakarrik diruarekin, hau guztia prestatzeko dirua baino gehiago behar delako”, aitortu zuen atzo aratsaldean antolatzaile gazteak.
Mendizabal, txikienen jokoak zaintzen
Beste auzoetan halakorik dagoeneko egiten ez denez, Madalen karrikara joaten dira herriko haur guztiak jolastera, mundiala delako betiko jolasekin han sortzen den giroa. Mendizabalek pena du horrelako festa asko galdu direlako herrian eta berreskuratzeko sekretua zein den esan digu: “Kristoren lana da, antolatzea zaila da, denbora behar da, dirua ere bai, baina finean gogoa da behar dena. Holako ohiturak mantendu behar dira, gure bizipenak direlako, txikitan izan genituenak eta handitzen zoazenean gogoratzen dituzunak. Gauza polita da hori eta ezin da galdu. Geroz eta gehiago dira kontsolak eta horrelakoak, baina festa honek erakusten du gauza txikiekin, bizikidetzan antolatutako zerbaitekin gauza oso polita ateratzen dela”.
Txokolatada eta gero denen artean jaso zuten dena, bi egun lehenago karrika eta Pisuzarra plazatxoa denen artean apaindu zuten bezala. Txafeluak eta tximistak ados jarri ziren Madalen karrikako festen amaiera iragartzeko. Karrika garbitu zuten, baina banderatxoak hor geratu dira, eta datozen egunotan hortik pasako diren haurrei gogora araziko diete zein ondo pasatu aurten ere Madalen Egunean. Eta beharbada, baten batek pentsatuko du ‘eta zergatik ez dugu hau gurean egiten?’ Zeinek daki, egiteko gogoa baino ez da behar.