Lasterbideaneko lantaldea: "Eskerrik asko Lasterbidean sortzen lagundu diguzuenoi"
Lasterbidean Lasterketako lantaldeak eskerrak eman dizkie ekimena aurrera ateratzen lagundu dieten guztiei.
“Ekainaren 2a artean ere urrun xamar genuela, igande goiz- eguerdi hura irudikatzea zaila egiten zitzaigula gogoan dugu. Nazio elkartasun lasterketa antzeko zerbaiten irudipenaren lehenengo zirriborroak argi-ilunak zituen. Hasteko eta behin non?, nola?ze helburu?, eta ze bitarteko? … eta ze finantziaziorekin? Asko ziren argitu eta bideratu beharrekoak, baina beste ezeren artean buruan gauza garbi bat bagenuen, herri honek hamarkadatan praktikatu eta bultzatu duen elkartasuna hauspotzen jarraitu behar genuela zen.
Errepresaliatuen eta beraien gertukoen eskubideen alde, gure ekarpena kirol esparrutik bideratu nahi genuen, korrikarenetik hain zuzen. Bizi dugun testuinguru honetan eskubideen bermearen aldeko lana gogotik egiteko ez zegoen aitzakiarik; areago, preso, iheslari eta beren senide eta lagunen egoera krudelaren aurrean ezin beso gurutzaturik egon… Beste ale bat jartzeko beharra sentitzen genuen. Ekimen berriak abian jartzeko lehenbizi azalean sentitzea izaten da erabakigarria; ondoren, burua hotz eta bihotza bero, nondik norakoak zeintzuk izan daitezkeen zehaztu: eta, azkenik, lanari gogotsu ekin, baita egin ere.
Herri honetan sobera gauza jakina denez, elkartasunezko ekimenak martxan jartzea ez da ez egun bateko kontua. Izerdi, erabaki, ahalegin, telefono dei, desadostasun, akta eta beste mila kontu txikiren arteko batuketa izaten da. Halaxe joan izan gara eta zarete Lasterbidean nazio elkartasun lasterketa sortzen eta gauzatzen. Aurten ehunka eskuren artean jaiotako elkartasun hitzordua, baina jaio orduko desagertu nahiko lukeena. Desagerrarazi behar dugu, hobeto esanda! Aurten erakutsitako elkartasun konpromiso berari eusten jarraituz gero dudarik ez dago laster ez dela edizio gehiagorik egongo. Horixe gure apustua, beste ediziorik ez antolatzeko arrazoiak desagertzea. Ziur gara elkartasun mezua eta praktika txoko guztietara zabalduz lortuko dugula, laster guztiak etxera bidean jartzea.
Konpromisoa diogu, ekintzez bete beharreko konpromisoa alegia. Zeinen ederra izan den urruntasuna gaindituz preso direnekin harilkatutako harremana! Nolako sari zoragarriak, zenbatekoa erakutsitako prestutasuna, eskerrik asko zinez! Eta zer esan beren senideez! Zein goxo hartu gaituzten, a ze nolako babesa… Lasterketa laburrean zein luzean hura izerdi piloa. Bejondeizuela zuei guztiei, zuena da txapela, zuek zarete txapeldunak!
Hilabeteetako prestaketan ezinbesteko laguntza eskaini digutenenganako ere esker hitzen faltan gaude: babesleak, promozio kanta eta spota egin duten lagunak, kartel pegada eta esku-orrien banaketan parte hartutakoak, Interneteko sare sozialak, hainbat kirolariren gertutasun eta babesa, musika taldeak, aizkolariak, Oiartzungo jende guztiari eta udalari… Askotarikoak elkartasun aleak. Ezin ahantzi lasterketa egunaren gauzapenean eta aurretiazko egunetan eskuz esku buru belarri aritu zirenen lan eskerga: bidegurutzeak, pankartak, guneen antolaketa, poltsen prestaketa, azpiegitura, gaztetxea, bikain antolatutako bazkari itzela, txosnak… ozen esan nahi dugu: hori da bidea, elkartasuna hizki larriz idatzi duzue beste behin herri honetan.
Lerro hauen bitartez ezin esan gabe utzi azken hilabete hauetan sentitu dugun dena. Hitzez nekez adieraz dezakegun arren, itzela izan dela diotsuegu. Nekaturik baina pozarren eta indarberriturik gaude. Lasterbidean lantaldetik eskubideen bermea ehundu nahi duen sarea trinkotu eta zabaltzeko deia egiten diogu Euskal Herri osoari. Kirol mota askorekin tradizio handia duen herri honek asko duelako eremu honetatik emateko. Erronka handia dugu, gure herri hau bezain malkartsua, baina zinez uste dugu, gauden sasoi honek azken malda igotzeak eduki dezakeen zailtasun bera duen arren, helmugako irribarrea laster izango dugula begi aurrean.