
Harrera egin zieten atzo Hondarribiko arraunlariei
Hondarribiak bi estropada irabazi zituen atzo. Bat, San Miguel Ligakoa Orion (sasoiko bigarrena), eta bestea, KAE2 Ligako Errenteria Hiria Bandera. Orion lehen taldeak erakustaldia egin zuen, eta joan den asteko igandeko garaipena kasualitatea ez zela izan berretsi zuen, ur bareagotan: Urdaibai bigarrenari zazpi segundo atera zizkion
Ama Gudalupekoa ontziak. Horrela, Mikel Orbañanosen taldeak laugarren jarraitzen du sailkapen nagusian, baina hiru lehenetatik askoz hurbilago dago. Larunbatean, Pasaian, IV. Iberdrola Banderan, hirugarren izan ziren berdeak, Orioren eta Kaikuren antzetik.
Bigarren ontziak, berriz, Pasaiako badia beretzat hartu zuen. Errenteriako Hiria bandera irabazita (bigarrena San Pedro B izan zen, eta Hibaikak zazpigarren postua lortu zuen), sailkapen nagusian hirugarren dira berdeak, eta KAE1era igotzeko borrokan punta-puntan dabiltzanekin daude orain.
Bi traineruetako kirolariei harrera egin zieten atzo arratsean herrian bertan. Kalejira egin zuten Abiyuan txarangarekin batera. Giro ederra, eta berdea, piztu zen atzo. Igandea berdea izan zen.
San Juan eta San Pedro
San Miguel Ligan, Pasaiako bi traineruak euren artean borroka betean daude. Bigarren txandan finkatuta, 5, 6, 7 eta 8 postuen alde ari dira lehian arrosak eta moreak, eta batzuetan batzuk dira aurretik, eta bestetan besteak. Hau da, larunbatean, Pasaiako badian, estropada antolatu zuen San Juan seigarrena izan zen, eta San Pedro zazpigarrena. Atzo, berriz, moreek utzi zuten postu bakarreko aldearekin atzean arrosen trainerua. Emaitza horien ondorioz, sailkapen nagusiaren erdialdean borrokan ari dira bi taldeak.