Etxez etxeko laguntza zerbitzurako udal kudeaketa zuzena proposatu du Bilduren udal taldeak
Etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen duten Arquisocial enpresako langileek hamargarren greba eguna egin dutenean, Bilduren udal taldeak udalari eskatu dio duen ardurari heltzeko eta arazoa konpontzen saiatzeko. Horrez gain, abenduan udalak Arquisocialekin duen kontratua amaitzen denean berriro konkurtsora ez ateratzeko eskatu du koalizio abertzaleak udal gobernuari, eta kudeaketa zuzenaren alde egin du.
Udalak bi arazo daudela aipatu izan du, eta aldundiaren parte hartzea eskatu du. Oinatz Mitxelena Bilduren bozeramaleak onartu zuen bi arazo horiek existitzen direla, baina langileek enpresarekin duten arazoa bakarra dela adierazi zuen atzo emandako prentsaurrekoan: “Bi arazo daudela onartzen dugu, enpresak langileekin duena, eta erabiltzaile kopuruaren jaitsiera, baina langileak lehenengo arazoagatik daude greban”.
Mitxelenaren ustez, udalak uko egin dio bere ardurari, eta greba konpontzen saiatu baino, arazoa beste bat dela esaten du: “Udalak ardura du, eta ez du ardura hori onartzen. Enpresa eta langileen arteko gatazka bat dago eta horren aurrean ardura horri heldu behar dio udalak, eta konponbidean jarri. Aldiz, egiten duena zera da, aldundiari eskaera batzuk egin, arazoaren muina ez den beste arazo horretan kokatuz, erabiltzaileen jaitsieran. Hori ere arazoa da, eta konpondu behar da, baina hori baino larriagoa den arazo bat dago une honetan, hots, gure herriko pertsona helduak zaintzen dituzten langileak greban daudela, eta horri eman behar zaio irtenbidea”.
Arazoa konpontzeko jarrera aktiboa behar dela uste du Bilduren bozeramaleak, eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kudeaketari hel diezaion eskatu zion udalari, “ez dezagun jarraitu eredu berdinarekin, enpresa pribatuen mesedetara egiten ditugun zerbitzu hauek aurrera eramaten”.
Bere iritziz, enpresaren mesede ekonomikoengatik udalak beste alde batera begiratu du. “Gure ustez kudeaketa zuzena egiteko aukera dago, garai batean zerbitzu batek zuen ereduari helduta, hau da, kooperatiba osatuta”, gehitu zuen Mitxelenak. Horregatik guztiagatik, aurten bukatzen den kontratua berriro konkurtsora ez ateratzeko proposatu du Bilduren udal taldeak, beste modu batera ateratzeko.