Txaikovskiren '5. sinfonia' interpretatuko dute Euskadiko Gazte Orkestrako musikariek Donostian, Bilbon eta Hondarribian
Dagoeneko salgai daude asteazkeneko saiorako sarrerak, turismo bulegoetan
Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) udako birari ekingo dio, bihar, Gasteizko Principal antzokian. Etzi Bilboko Euskalduna jauregian aritu dira 70 musikariak, asteartean Donostiako Viktoria Eugenian, eta asteazkenean Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, 20:30ean.
Emanaldi horietan guztietan Piotr Ilitx Txaikovskiren
5. Sinfonia izango da interpretatuko duten obra nagusia. Era berean, Carl Maria Von Weberren
Der Freischutz ere joko dute. Naturaz gaindiko gaiei eskaini zien lehen drama erromantikoen artean dago lan hori. Kontzertu areto eta opera antzokietako pieza “gustagarrienetako bat” da obertura hori, Juanjo Ocon orkestraren zuzendariaren iritziz.
Zuzendariaren arabera, orkestraren inoizko proiektu “handinahiena eta zailena” da aurtengoa. Kontzertuetan joko dutena entseatzeko, musikari gazteek musikaren munduan ibilbide luzea egin duten zazpi irakaslerekin topaketak egin zituzten Eibarko Hezkuntza Esparruan, joan den hilaren 13tik 15era. “Programazio zailaren” aldeko apustua egin dute EGOkoek, musikari gazteak errepertorio profesionalean trebatzea nahi dutelako. Merkatu “geroz eta globalago eta lehiakorrago” batean sartzeko metodo “ona” dela iruditzen zaio Oconi.