Gaur goizean, presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin dute Oarsoaldeko eta Bidasoko EH Bilduren ordezkariek, Errenteria-Oreretako Herriko Plazan. Toki hori aukeratzea ez da kasualitatea izan: Aitzol Gogorza herriko presoaren joan den ospitaleratzeak bultzatu baititu horretara—egun alta emana dauka—. Gogorza larri gaixo dagoen hamabost euskal presoetako bat da. Kalean egon beharko lukeela berretsi du EH Bilduk.
Gogorzarena zehazki, baina oro har, presoen egoera gertutik jarraituko du EH Bilduk Oarsoaldean eta Bidasoan. Zentzu horretan, zenbait konpromiso hartu dituzte ordezkariek euren eskubideen alde. Batetik, herri bakoitzeko presoen egoeraren inguruko dosierra osatu eta sei hilero berritzea. Bestetik, preso gaixoak dauden herrietako Alkateen Batzordean parte hartzea. Bi eskualdeetako kasu bakarra Errenteria-Oreretakoa da, eta bertako alkatea Julen Mendoza bilera horietan parte hartzen ari da. Horrez gain, aldian behin presoen senideekin biltzeko konpromisoa hartu dute. Azkenik, udalbatzarretan presoen eskubideen defentsa adierazten duen txartela eramango dute.
Bi eskualdeetan 32 euskal preso daude. Salbuespen egoeran daude horietako hainbat. Esate baterako, 197/2006 doktrinaren pean, lau. Zentzu horretan, doktrina bertan behera uzteko eskatu dute, baita kondenaren hiru laurdenak beteta dituzten presoak kaleratzeko ere.
“Ulergaitza, blokeo egoera”
Euskal gizartea aurrerapausoak ematen ari den neurrian, “geroz eta ulergaitzagoa” egiten ari zaiela esan dute EH Bilduko ordezkariek Madril eta Parisko gobernuen “blokeo egoera”.
Euskal gizarteak pausoak emateko eskatu izan duela ere gogorarazi dute, hala nola, urtarrilaren 12ko manifestazioan: giza eskubideak errespetatzea, konponbideak bilatzea, bakea eraikitzea eta euskal presoak Euskal Herriratzea.