Urtero bezala, jende asko hurbilduko da Kai Zaharrera prozesioa ikustera
Igande arratsaldean Karmen Eguneko prozesioa burutuko dute Hondarribian. Portuko elizan egingo den mezaren ondoren, 17:30ak aldera, hasiko da prozesioa, elizatik Benta Zaharrera. Han, Marloi itsasontzira igoko dute Karmengo Amaren irudia eta badiako ahorantz eramango dute barkuan. Bertan, itsasoan zendutako itsas-gizonen omenezko errespontsua egingo dute, aspaldiko ohitura bizirik mantenduz.
Hondarribiko Udalak, Done Pedro Arrantzaleen Kofradiak eta Hondarribiko Musika Eskolako Txistu ikasleak lagunduko dute prozesioan.
Eguerdian, kontzertua
Jende asko bilduko ditu Karmen Eguneko ekitaldi erlijiosoak, baina bestelako ekintzarik izango da igandean, arratsaldekotik ez oso urruti. Hala, bi abesbatzen emanaldia jasoko du Itsas Etxeak, eguerdiko hamabietan. Udalak antolatzen du eta, herriko Surbesta abesbatzarekin batera, Irungo Katea auzoko Andra Mariaren Parrokiko koruak abestuko du. Sarrerak bi euroan daude salgai turismo bulegoetan eta igandean Itsas Etxeko leihatilan erostekko aukera izango da, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.