Fanderiako Auzo Elkarteak ekologistekiko duen jarrera kritikatu du Eguzkik
Eguzki talde ekologistak kritikatu du Fanderiako Auzo Elkarteak auzo horretako ibaiaren egoera tamalgarriaren errudun ekologistak direla esan izana. Eguzkiren ustez, 2011. urteko uholdeek presa bota eta gero, ulertzekoa da “bizilagunak haserre egotea, oraindik arazo horri konponbide duin bat eman ez zaiolako”, baina erantzukizuna beraiena ez dela adierazi dute: “Ez dugu ulertzen Auzo Elkartearen jarrera talde ekologistekiko, guk ez baitugu inolako eskumenik ezta botererik inolako obrarik gelditzeko”.
Halaber, errekaren emaria bermatu behar zela adierazten lehenak izan zirela dio Eguzkik, “eta hauxe aldarrikatzen ari gara gaur egun ere Baina irtenbide duin bat eskatzen dugu, errekaren bizia bermatuko duena”.
Bukatzeko, Auzo Elkarteari adierazpen faltsuak egitea leporatu dio talde ekologistak: “gai honi buruzko espediente administratiboa ez dago erakustaldi publikoaren fasean, beraz, ezinezkoa da inolako alegaziorik aurkeztea momentuz”. Nolanahi ere, alegazioak aurkeztea “gure eskubidea” dela argitu dute.
Eguzkik nabarmendu du Fanderiako auzotarrak ez direla beraiekin bildu komunikabideengana jo aurretik eta prest agertu dira haiekin elkartzeko, edozein zalantza argitze aldera.