Duela 30 urteko txupinazoan Errenteria-Oreretan izandako “pasarte latzak” gogorarazi ditu EH Bilduk, eta orduan bezala, aurten ere, (udazkenerako izango dela aurreratu du) Espainiako bandera jartzera “derrigortu eta
normaltasunez inposatu” nahi dutela iragarri du.
Orduan gertatutakoa gogorarazi eta inposaketa salatzeko, erakusketa bat antolatu du, eta herriko zenbait plazetan ikusi ahal izango da. Lehenengo geldialdia, larunbatean egingo du. Era berean, herritarrekin batera, argazki bat aterako dute, 12:30ean, Herriko Plazan.
Erakusketarekin batera, zapiak eta ikurrinak erosteko aukera izango da. Zapiak 3 euroan daude salgai. Urteurrenarekin bat eginez, madalenetatik hasita “ikurrina etxeen begi bistan” jartzeko eskatu diete.
Ekimena EH Bilduk sustatu arren, “herritar guztiei irekia” dagoela esan du, eta udazkenerako “demokrata guztiei begirako dinamika” sortu nahi duela aurreratu du, “orduan gertatu zirenak ondo aztertu eta salaketa instituzionala ere gauzatzeko asmoarekin”.
Duela 30 urte itsu geratu zena
Agerraldian izan da duela 30 urteko txupinazoan poliziaren oldarraldiaren kaltetuetako bat: Pello Mindegia. Oso distantzia motzera aurpegira ke potea jaurti zioten, eta ikusmena zuen begi bakarra galdu zuen. Orduz geroztik itsu dago.
“Ez du sekula santan inongo aitortza publikorik eta are gutxiago barkamen eskaririk jaso ez agintarien ez administrazioaren partetik”, adierazi du EH Bilduk.
Hain zuzen, OARSO BIDASOKO HITZA-k Pello Mindegiari egindako elkarrizketa argitaratuko du ostiraleko zenbakian. Besteak beste, orduan bizitutakoa kontatuko du Mindegiak.