
Hemezortzi elkartek babesa eman diote arraun elkartearen kanpainari
Garai gozoak bizi ditu Hondarribiko Arraun Elkarteak (HAE). 160 kirolari aritzen dira elastiko berdearekin estropadetan, aulki mugikorrean inoizko emaitza onenak lortzen ari dira eta elkartearen ontzi intsigniak, Ama Guadalupekoa traineruak, Eusko Label bandera irabazi berri du, iazko denboraldiko garaipenak berrestea ezinezkoa ez dela erakutsiz.
Baina barrutik gauzak ez dira hain politak, bizi dugun garaian zenbakiek ez dutelako ematen. HAEren babesleek orain arte eutsi diote euren sostenguari baina hori epe motzera aldatuko dela uste dute arraun elkartean. Horregatik, “bihotza berdea izatea nahikoa ez delako, konpromisoa behar dugulako”, bazkide kanpaina abiatu du Hondarribia Arraun Elkarteak.
Atzo egin zuten
Bihotza ez da aski goiburuko kanpainaren aurkezpena arraun elkartearen egoitzan eta herriko hemezortzi elkarteren ordezkariak hurbildu ziren bertara, herriko arraunlariei babesa ematera. Elkarte bakoitzak kanpainaren berri emango die bazkideei eta komunikabideei ere deia luzatu zien Josemi Elduaien presidenteak, herritar guztiengana iritsi nahi baitute. “Bazkideen kuotekin lortutako dirua arraun elkartearen aurrekontuaren %6,7a besterik ez dugu betetzen. Babesleek, aldiz, %56a jartzen dute. Desoreka handia dago eta epe motzera babesle horiek ezingo dute ematen dutena eman. Gurekin jarraituko dute, baina badakigu diru gutxiago jarriko dutela”.
Urtea salbatzeko moduan izatea espero du Elduaienek, baina datorren urtean asko jaitsiko da babesleen ekarpena eta herritarrei babesa eskatzea erabaki zuten. “Egungo zuzendaritza batzordea sartu zenean 300 bazkide zituen elkarteak eta egun 1.208 ditu. Hasieran asko hazi zen, baina egun hortxe dago finkatuta, ez da kopurua handitzen”. Arraunlarien arduradunak dei berezi egin zien emakumeei. “Gure elkarteko bazkideen %25a emakumeak dira. Kirol talde gutxik esan dezakete hori. Arraunean emakume zale asko dago, ikusten dira estropadetan eta egiten dizkiguten ongietorrietan”. Horregatik, “beldurra galtzeko eta bazkide egiteko” eskatu zien Elduaienek Hondarribiko emakumeei.
Bazkide izateko moduan aldaketak iragarri zituen HAEren presidenteak. Orain arte kuota bakarra zegoen, 40 eurokoa urtean, baina haur eta gaztetxeentzat kuota bereziak ezarri dituzte, 10 eurokoa 14 urte artekoentzat eta 20 eurokoa 14-20 urte bitartekoentzat. Kopururik esan gabe, Hondarribia Arraun Elkarteak bazkide berriak behar dituela nabarmendu zuen Elduaienek eta, bere ustez, “margena badago, Hondarribian bizi direnen %5,40a delako egun HAEren bazkide”.
Zer egin bazkide izateko
Bazkide izan nahi duenak Interneten bidez izango du egiteko aukera, elkartearen
webgunean ageri den bihotzean sakatuta. Bestela, “leku askotan egongo gara kanpaina egiten, merkataritzan, tabernetan, banketxeetan, San Pedro kaleko dendan…”.
Udazkenerako bazkideentzako abantailak iragarri zituen Elduaienek. “Orain arte saiatu izan gara baina ez da ondo atera eta horregatik dena prest egon arte ez dugu aurreratu nahi, baina araun elkarteko bazkideek denok erabiltzen ditugun herriko komertzioetan deskontuak lortuko dituzte”.
Gainera, Karibera bi pertsonentzako bidai bat zozkatuko dute bazkide kanpainaren amu bezala, “egungo bazkideak ere sartuko ditugu zozketan, orain arteko konpromisoa eskertu nahi diegulako”.