Faboritoen zerrenda guztietan direla aurre egingo diote gaur Oarso Bidasoko traineruek Gipuzkoako Txapelketari. Donostiako badian jokatuko da lehia, 18:30etik aurrera. Lehenik emakumeak aterako dira, ondoren gizonak. Bai emakumeetan zein gizonetan txapelak Oarso Bidasora ekartzeko aukera handiak dituzte bertako traineruek, baina bi kontrario gogor izango dituzte aurrean: emakumeetan Zumaia, eta gizonetan Orio.
Emakumeen kategorian Oarso Bidasoko hiru traineruk parte hartuko dute (behean daude txandak). Hondarribia, San Juan eta Hibaika dira. Gizonetan, ordea, bost izango dira parte hartzaileak: Hondarribia, San Pedro,San Juan, Trintxerpe eta Hibaika. Ondokoak dira gaurko txandak:
Emakumeak
- Lehen txanda: Orio, Hondarribia, Zarautz.
- Bigarren txanda: Zumaia, San Juan, Hibaika.
Gizonak
- Lehen txanda: Zarautz, Hibaika.
- Bigarren txanda: Zumaia, Trintxerpe, Getaria, Donostiarra.
- Hirugarren txanda: Orio, Hondarribia, San Pedro, San Juan.
Herrialdeko txapelketaren palmaresari begiratuta, San Pedrok lortu ditu lehia gehien gizonetan. Izan ere, jokoan izan diren 41 Gipuzkoako Txapelketatik bederatzi irabazi dituzte moreek (azkena 2009an), zortzi Oriok, zazpi Hondarribiak (azken hiru urteetako garailea izan da), sei Lasarte-Michelinek, bost Zumaiak eta lau San Juanek (azkena 2003an). Horri begiratuta ere, eta Hondarribiaren azken hiru urteetako nagusitasuna kontuan hartuz, Orio gainditzea besterik ez dute.
Emakumeetan herrialdeko bost txapelketa jokatu dira aurten arte. Getaria-Tolosak bi irabazi ditu, eta bana Zumaiak, San Juanek (iaz irabazi zuten proba lehenengoz arrosek), eta Getaria-Zumaiak.