Herria gainezka jarri du joan den ostegunetik igandera egin den Hondarribia Blues Jaialdiaren zortzigarren ekitaldiak. Milaka eta milaka izan dira kanpotik hurbildu direnak eta udalak zein antolatzaileek balorazio ezin hobea egin dute festibaleko pertsiana jaitsi eta gero.
Blues jaialdira propio hurbildu direnak zehazteko goiz da, baina badira datu batzuk adierazgarriak direnak.
Eric Burdonek jaso du aurten saria (arg: Ostolaitz)
Hala, Udaltzaingoaren radarrak 90.000 ibilgailuen sarrera jaso du ostegunetik igandera bitartean. Jende gehien bildu izan duen kontzertua igande arratsaldean Benta eszenatokian Eric Burdonek emandakoa izan zen, leporaino bete baitziren karpa eta harmaila ez ezik, baita Butroi pasealekuko zati handi bat ere. Musikari dagokionez, ahazten zailak izango diren uneak izan badira aurtengo ekitaldian, hala nola Delta Groove Harp Blast taldearen larunbateko emanaldi biribila edota eguerdietako bazkarietan sortu izan den anaitasun giroa.
Udaletik pozik azaldu dira horregatik guztiagatik, eta jaialdira blues zaleak geroz eta urrutiagotik datozela nabarmendu dute: “Inoiz baino gehiago ikusi dira Hondarribiko kaleetan Estatuko hainbat lekutako blues zaleak eta baita frantsesak, suitzarrak, alemaniarrak eta ingelesak ere. Hainbat komunikabidetako hogeita hamar bat argazkilari eta TV kamera egiaztatu ziren, gehienak espezializatuak”.
Alkatearen aburuz, helburuak bete ditu Hondarribia Blues Jaialdiaren zortzigarren ekitaldiak. “Hondarribia musikaren erreferentea izatea nahi izan dugu. Musikari bikainak izan ditugu gure artean, Hondarribian aparteko giroa bizi izan dugu, inongo istilurik gabe, eta, azken batean, plazer bat izan dela esatea besterik ez dut”, adierazi du alkateak.
Aparkatzeko arazoak
Jaialdiaren puntu iluna bisitariek aparkatzeko izan dituzten arazoak izan da berriro. Jaialdirako propio aparkatzeko gunerik ez egonagatik, asko izan dira larunbatean eta igandean herrian bueltaka aritu direnak, kotxea uzteko leku baten bila. Batzuek hala moduz utzi zuten Biteri eskolaren pareko zelaian, beste batzuk saiatu ziren leporaino beteta zeuden hondartzako parkinetan aparkatzen… Urtetik urtera errepikatzen den arazoa da eta, aurten ere, kanpotik kotxez etorri ziren makina batek sartuta eramango duten arantza izango da.