Luis Otaño omenduko dute madalenetako haurren krosean
Seigarren urteen ondoren, berritasun nagusi bat sartuko du EAJk madalenetan egiten duen haurren krosean: omenaldia. Herritar bat omentzea erabaki du, eta Luis Otaño txirrindulari ohiari egingo dio aitortza.
Hainbat lorpen egin zituen Otañok txirrindulari gisa egindako ibilaldian. Hala nola, Espainiako Itzulian zortzi urtez parte hartu zuen, eta 1964an bigarren geratu zen, eta bi urte beranduago laugarren. Frantziako Tourrean, berriz, hamar urtez aritu zen, eta garaipen bat lortu zuen Privas-Bourg D’ Oisansgo etapan. “Historikoa” izan zela gogorarazi du Maite Peña EAJko bozeramaileak.
Haurrei ere garai hartako baloreak ezagutarazi nahi dizkietela ere jakinarazi du Peñak, hala, esfortzua eta norberaren garaipenak beste modu batera bizitzen zituztela gaineratu du: “Entrenamenduak 10 orduz lanean aritu ondoren egiten zituen gehienetan, baita goizeko ordu txikietan jaiki eta eguna argitu baino lehen ere; lanera joan aurretik”.
Krosa
Betiko moduan egingo dute krosa. Hiru kategoria izango dira: benjaminak (2003-2004ean jaiotakoak), alebinak (2001-2002ean jaiotakoak) eta haurrak (1999-2000ean jaiotakoak). Lehenengoek 850 metro egingo dituzte, alebinek 1.000 metro eta haurrek 1.500 metro.
Izena egunean bertan eman ahal izango da Koldo Mitxelena plazan, 10:00etan. Lasterketa 12:00etan abiatuko da.
Sariak banatuko dituzte bukaera, neska zein mutilei. Omenduak berak emango dizkie.