Topoaren 100 urteak, Hendaian
Larunbatean inauguratu zuten topoaren 100 urteak irudietan eta beste hainbat euskarrirekin laburbiltzen dituen erakusketa, Hendaiako Mediatekan. Pasai Antxoko Antxotarrok Historia Mintegiak osatu zuen erakusketa hori, Antxon bertan ezagutarazteko garraiobidearen 100 urteek zer eman duten, eta orain, herriz herri jartzen hasi dira. Hendaia eta gero, Errenteria-Oreretan izango da. Larunbatean bertan bete ziren 100 urte topoa Hendaiara iritsi zela.
Antxotarrok Historia Mintegiko kideekin batera (Ricardo del Pozok nahiz Pedro Perez Amutxastegik eman zituzten azalpenak, euskaraz eta gazteleraz hurrenez hurren), Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko presidenteorde eta Hendaiako Herriko Etxeko hautetsi Kotte Ezenarro, Marie Helene Laxague Herriko Etxeko Kultura zinegotzia, eta Jean Baptiste Etxeberri auzapeza izan ziren. Herritarrek ere parte hartu zuten erakusketaren zabaleran.