Itsu, gor eta mutu
Duela hilabete, juxtu-juxtu, euskaldunok erabiltzen ditugun ikurrez hitz egin nuen. Hainbeste maite ditugun sinboloez. Eta eskatu nuen betiko moldeetatik ateratzeko eta ausardiaz jokatzeko. Gaur, hilabete beranduago, sinboloek eduki dezaketen indarra goraipatu nahiko nuke.
Ederra izan zen Iruñeako San Fermin Jaien hasiera, sinbologiaz betea. Zapi gorriak nonahi, presoen aldeko aldarrikapen pankartak kalean, Nafarroako banderak kale zokoetan eta, nola ez, munduko hainbat tokitan sona eragin duen ikurrina ttipia haizearekin dantzan. Guztiek jakingo duzuen moduan, sanferminen hasiera hemeretzi minutu atzeratu zen. Hemeretzi minutuz txistuka, txaloka, politikariak elkarren artean garrasika. Kontu eske. Azalpen eske. Zer egin jakin gabe, zer gertatu den jakin gabe. Gertatu denak azalpen erraza du, bada: herritik harrika botatzen dena, herrira harrika itzultzen da eta, paretaren batean eduki duen errebotearen eraginez, askoz indartsuago. Iruñeakoa, sinbologia ongi erabilita lor daitekeenaren adibide argia da. Helburua, tresna eta ekintza. Horregatik eduki du eduki duen sona.
Guztiek jakingo duzuen moduan, sanferminen hasiera hemeretzi minutu atzeratu zen. Guztiek jakingo duzuen bezala, udaletxeko balkoitik bota zen hirugarren suziria jende artera erori zen. Guztiek jakingo zenuten honen berri, ezta? Ez dut uste… Ikurrinak txupina berandu botatzea eragin zuen; suziriak lau zauritu.
Guztiek jakingo duzuen moduan, sanferminen hasiera hemeretzi minutu atzeratu zen. Guztiek jakingo duzuen bezala, txupinaren zain zeuden bitartean hogeita hamar pertsona inguruk hiru emakumeren bular biluziak ukitu zituzten, ahotik lerdea isurtzen zutela. Hau komunikabide gutxitan atera da eta, atera denetan, festaren irudi gisa zabaldu dute; normaltasunez. Hiru emakume hiru gizonen sorbaldetan igota. Hiru emakume bularrak bistan. Haietariko bi irribarretsu, hirugarrenaren aurpegia ez da ikusten. Bularrak gordetzen ari dela dirudi eta ez dut uste atzeko bi gizon horiei galtzak jaisteko baimena eman dienik. Eta gizonak lerdea dariela. Nazkagarria. Beste behin ere emakumea gizonaren jostailu.
Ikurrinak lortu zuen sona ez zuen lortu jende artera erori zen suziriak ezta hiru emakumeren bueltan sortu zen zirkoak ere. Ikurrinak eskandalizatu gaitu; eta babosoek? Duela hilabete, juxtu-juxtu, euskaldunok erabiltzen ditugun ikurrez hitz egin nuen. Gaur, ikur horien balioa azpimarratu nahiko nuke, eta herritarrei begiak, belarriak eta ahoa irekitzeko eskatu. Ez gaitezen bihurtu itsu, gor eta mutu.