
Argazkia: hondarribiarraun.com
San Miguel Ligako lehen estropada irabazi zuen atzo, Donostiako Kontxan, Hondarribiak (21:20). Itsaso zakarra izan zuten aurrean parte hartzaileek, eta horretaz baliatu ziren berdeak Eusko Label bandera hiriburutik Hondarribira ekartzeko. Itsaso mugituarekin arraunean azeri zaharrak bezalakoak dira Ama Guadalupekoa ontzikoak, eta hori erakutsi zuten. Atzetik handiak izan zituzten berdeek, Urdaibai, Orio eta Kaiku. Bosgarren San Pedro izan zen (21:45), eta bederatzigarren San Juan (22:26). Sasoi hasiera latza izan dute hondarribiarrek, eta atzoko banderak lagunduko die iazko sentsazioak berreskuratzeko bideari ekiten.
Izan ere, larunbateko estropadan, Pedreñakoan, hobetze sentsazioa eman zuten Mikel Orbañanosen arraunlariek. Bosgarren izan ziren Kantabrian Orio irabazletik 20 segundora, eta pixkanaka-pixkanaka trainerua fintzen ari direlaren susmoa antzeman zen. Hala konfirmatu zuten atzo. Pedreñan San Pedro zazpigarren izan zen, eta San Juan zortzigarren. Pasaiako bi traineruen zeregina finkatzen ari da, biak ala biak bigarren txandan mantentzeko –San Pedro lehenengoetan sartzeko borrokan ari da, bete-betean– bidea daramatelako.
Hurrengo bandera Pasaiako badian izango da, San Juanek antolatuko duen IV. Iberdrola Bandera, larunbatean, 18:00etatik aurrera. Igandean Orion izango da lehia.